GAUR8 - mila leiho zabalik

Ile mozketak, umeen minbiziaren aurka borroka egiteko

Herri ezberdinetako ile-apaintzaile eta bizarginak Durangon elkartuko dira igande honetan, haur eta gazteen minbiziaren aurkako borrokarako dirua biltzea helburu. La Cuadri del Hospi asoziazioak eta Durangoko Udalak elkarlanean martxan jarri duten proiektua da, eta bildutako dirua lehenengo elkarteari zuzenduko zaio.

Ekimenaren bultzatzaileetako bi. (Durangoko Udala)

Durangoko Santa Maria elizan tiketak jarriko dira salgai igandean bertan, hamar eurotan, eta horien bitartez, ilea edo bizarra mozteaz gain eta otzara baten zozketan parte hartzeko aukera izango da. «Gure zerbitzua eskaini nahi dugu modu altruista batean, minbiziaren aurkako borrokan gure aletxoa jarri asmoz. Dagoeneko Eibarren antzeko zerbait egin dugu hainbatetan, eta orain Durangon egin nahi genuen», adierazi du Ibra Ouargik, Durangoko bizargina eta ekimenaren sustatzaileetako batek.

Ekimen honen bitartez jasotako dirua Gurutzetako Ospitaleko pediatria saileko Zainketa Aringarrietako Unitateko psikologoa mantentzera bideratuko da. «2018ko azarotik hona psikologo bat daukagu gure taldean, astean behin etortzen dena Ospitalearen eta elkartearen artean lortutako laguntza-htzarmen baten bitartez», azaldu du Jesus Sanchez Etxaniz Gurutzetako Ospitaleko arduradunak. «Zerbitzu honek jauzi kualitatibo handia suposatu du zerbitzuan, umeei zein beraien familiei eskaintzen zaien laguntzagatik. Eta hau guztia posible izan da La Cuadri del Hospi bezalako elkarte bati esker, beraiek hartzen baitute bere gain zerbitzu honen gastua. Dena den, akordioa urtero berritu behar da, eta horretarako funts ekonomikoak bilatu behar dira».

Leire Collazos psikologoak nabarmendu duenez, psikologoaren lana «oso garrantzitsua eta oinarrizkoa» da prozesu guztian zehar gaixoaren eta ingurukoen alderdi emozional eta soziala lantzeko. «Sarritan oso zaila egiten zaigu bizitzaren alderik gogorrenari aurre egitea, hau da, gaixotasun bati, eta kasurik gogorrenetan, heriotzari», adierazi du, eta gaineratu: «Kasu horietan, argi pixka bat jarri genezake iluntasunean. Lortu genezake beraien bihotzak argiztatzea beraien egoera gogorra kontutan hartuta».