GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Jokin GIJARRO
Gaindituz zentroa (Zumaia)

«Kirola sustatuz era askotako balioak transmititzen ditugu»

Harreman estua dauka Jokin Gijarro zumaiarrak kirolarekin. Arraunlari gisa aritutakoa da urte luzez, eta gaur egun kirolari askoren prestatzaile fisikoa da. Horrez gainera, Zumaiako Udaleko Gorputz eta Kirol Sustapenerako teknikari ere ari da duela zortzi urtetik gaurdaino. Kirola egiteak gure osasunean eta ongizatean duen eragin positiboaren eta beste hainbat konturen inguruan hitz egin dugu berarekin.

Jon URBE | FOKU

Talde eta banakako pertsona askoren prestakuntzaz arduratzen da gaur egun Jokin. Triatletei, korrikalariei edo osasuna zaindu eta hobetu nahi duen edonori entrenamendu plangintzak egiten dizkio. Kirola bizitza estilo bat bezala hartzen du, beraz, eta argi dauka hainbat balio positibo barneratzeko balio izan diola. «Neure burua ez dut imajinatu ere egiten ariketa fisikorik gabe», nabarmendu du.  

Ia hamarkada bat daramazu kirola sustatzeko zereginean. Zeintzuk dira jarduera fisikoa bultzatzeko orain artean egin dituzuen ekimen esanguratsu eta arrakastatsuenak?
Momentu honetan Flysch-eko (mendiko lasterketa) antolakuntzakoekin batera emakumeei bideratutako entrenamendu gidatuak ditugu martxan. Bestalde, umeekin ere egin dut lan jarduera fisikoa landuz jolasen bidez.

Euskaldunak oro har kirolzaleak garela esan ohi da. Zergatik uste duzu dela garrantzitsua alor hori sustatzea?
Gure ongizatea bultzatzea komenigarri delako. Osasuntsu egoteko norberak egin dezakeena egitera bultzatzea komenigarria dela iruditzen zait. Gainera, kirola sustatuz era askotako balioak transmititzen ditugu, hala nola elkar laguntzea, errespetua eta beste hainbat.

Kirola asko profesionalizatu da azken hamarkadetan. Horren harira, uste al  duzu gaur egungo haur eta gazteak izaera lehiakorrean hezten ditugula?
Orokorrean bai, karga handia jartzen diegu haurrei, behin eta berriz euren artean lehiatzera animatuz. Portaera horrek kirolarekin nazkatzea ekar diezaioke edonori eta pena litzateke. Horrez gain, lehiarako grina haurren izaeran isla daiteke, eta hori arriskutsua izan daitekeela uste dut.

Adin txikiko eta gazteez gainera, gurasoei ere eskaintzen al dizkiezu ekimen eta aholkuak?
Nik neuk orain artean, behinik behin, ez dut inolako ekimenik antolatu, baina nire inguruko pertsonengan saiatzen naiz nire ikuspuntuaren arabera haiei aholku batzuk ematen. Azkenean, pertsona ugarirekin egiten dut lan eta egoera desberdinak baliatzen ditut balio horiei buruz hitz egiteko. Esaterako, esaten diet kirola egiteak osasuntsu egoten laguntzen duela, bai fisikoki eta bai psikologikoki.

Kirol tradizionalez gainera (futbola, saskibaloia, eskubaloia...), zer beste jarduera izan daitezke baliagarriak haur eta gazteen hezkuntzan?
Haurren kasuan denetatik probatu behar dutela iruditzen zait, modu egokia deritzot jolasen bidez egitea ariketa fisikoa. Ondoren, joango dira kirol ezberdinak probatuz, eta hala, beraiek aukeratu beharko dute non sentitzen diren gustura. Gazteen kasuan, aldiz, ohikoa da nerabezaroan kirola egiteari uztea, arrazoi bat dela edo bestea dela. Erakutsi behar diegu ez dela nahitaez lehiatu behar, ariketa fisikoa egiteak bere horretan onura asko dituela eta bakoitzak bere eran gorputza mugitzeko ohitura hartu behar duela.

Arraunean aritutakoa zara luzaroan. Zuri, pertsonalki, zer ematen dizu kirolak? Zer balio barneratu dituzu zure ibilbidean?
Bai, hala da. Ni goi mailako arraun mundutik nator, baina orain mendian ibiltzen naiz, korrika gehienbat. Horretarako baliagarriak zaizkidan ariketak praktikatzen ditut, bizikleta, besteak beste. Bestetik, bi kirol taldetako prestatzaile fisiko ere banaiz; talde eta banakako pertsona askoren prestakuntza daramat gaur egun. Triatletei, korrikalariei edo osasuna zaindu eta hobetu nahi duen edonori entrenamendu planningak jartzen dizkiot.
Beraz, esan beharra daukat niretzat kirola bizitza estilo bat dela, eta hainbat balio positibo barneratzeko balio izan didala. Neure burua ez dut imajinatu ere egiten ariketa fisikorik gabe. Taldeko eta bakarkako kiroletan aritu izan naiz eta gaur egun ere banabil; probatu ditudan kirol diziplina guztiek erakutsi didate zerbait: elkarrekiko errespetua, elkar laguntzea, sakrifizioa, konstantzia, eta abar.


Ongizate maila areagotzeko aukerak eskaintzen ditu Gaindituz zentroak

Orain dela ia sei urte Zumaian kokaturiko Gaindituz kirolerako eta osasunerako zentroa ireki zutenetik, buru-belarri dabiltza lanean Olatz Agirregabiria eta Jokin Gijarro gazteak. Besteak beste, fisioterapian, prestaketa fisikoan edo nutrizioan dira adituak biak ala biak, eta hainbat motatako zerbitzuak eskaintzen dizkiete bezeroei. Prestakuntza eta eskarmentua euren alboan dauzkate.
Kirol arloari dagokionez, esate baterako, kirol errendimenduan diharduten kirolariei edo osasun egoera onean egon nahi dutenei banakako entrenamendu planifikatuak eta horien jarraipena eskaintzen zaie, hala nola entrenamendu pertsonala (personal trainer), errekuperazio eta prebentzio planak edo saio gidatuak.
Osasunari dagokionez, bestalde, programa zabal bat daukate behar duenaren eskura. Izan ere, Gaindituz zentroan bizi kalitatea hobetzen laguntzeko hainbat baliabide eskura ditzake herritarrak. Gainera, diabetesa, gizentasuna edo bestelako lesioren edo osasun arazoren bat duenak ere jo dezake Gijarro eta Agirregabiriaren egoitzara.
Gure gizartean nagusitu ohi den lan motak arazo asko sortzen ditu pertsonarengan. Hala uste du, behinik behin, Jokin Gijarrok. Haren kontsultara gerturatzen den ehuneko handi batek bizkarrean izaten baititu lesiorik ohikoenak, eta kasu askotan ordenagailuaren aurrean ordu asko pasatzearen edo zama modu desegokian altxatzearen ondorio zuzena direla dio Gijarrok. Horiek saihesteko behar-beharrezkoa ikusten du ariketa fisikoa eta posturala egitea.
Edonola ere, min eta lesioak dauzkaten kirolari eta herritarrak ere artatzen dituzte kontsultan, era askotako tratamenduen bitartez. Hala, mota askotako masajeak ematen dituzte, hala nola erlaxatzeko masajea, kirol masajea, terapeutikoa edo harri bolkanikoekin egindakoa.
Elikadurak gure osasunean duen garrantziaz jakitun, Gaindituz zentroan honen inguruko oinarrizko aholkuak ematen dizkiote bezeroari, eta kirol errendimendua hobetu ahal izateko beharrezko gomendioak ere bai. Izan ere, ezaguna da elikadura osasuntsu eta orekatua izateak dituen onurak. Bizi kalitate ona izateko eta kirol errendimendua areagotzeko baliatzen dituzte elikadura planak Jokin Gijarro eta Olatz Agirregabiriaren bezeroek.
Azkenik, aipatzekoa da behar eta arreta ezberdina behar duten herritarrak direla Gaindituz zentrora joaten direnak. Kirolariak ere denetarik izan ohi dira; arraunlariak, triatletak, txirrindulariak, eta abar. Azkenik, Gijarroren arabera, entrenamendu karga handia daukaten kirolari askorekin aritzen dira lanean.