GAUR8 - mila leiho zabalik

Donostia Kulturak sareko egitarau berezia prestatu du Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

Donostia Kulturak berrantolatu egin ditu ostegunean ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiak, Covid-19ak eragindako konfinamendu egoeraren ondorioz, eta, Gipuzkoa plazan urtero antolatzen den Liburu Azoka bertan behera utzi arren, sareko programazioa berezia sortu du egun horretarako.

Liburu azoka sarean, Donostia Kulturaren eskutik. (Iñigo URIZ/FOKU)

Alde batetik, #DKEtxean agendan hainbat jarduera egingo dira egunean zehar haurrentzat eta helduentzat, eta, bestetik, Gipuzkoako Liburu Dendan Elkartearen laguntzarekin, Donostia Kulturako bazkideen artean bonu zozketa bat egingo da liburuak erosteko.

Donostia Kulturak jakinarazi duenez, egitaraua goizean goizetik hasiko da, 08.00etatik 10.00etara, DK Irratiko 'Ispilu Beltza' irratsaioan Liburuaren Nazioarteko Egunari eskainitako saio bereziarekin.

Eguerdian, #DKEtxean: Koadernoan bi argitalpen igoko dira webgunera: 12:00etan, Ana Malagon idazlearen 'Hau ere pasako da' kontakizun labur argitaratu gabea, eta 13.00ean, Mikel Casal ilustratzaileak Liburuaren Nazioarteko Egunerako egin duen irudia. Irudi horrekin orri markagailuak egin dira eta liburutegietan banatuko dira itxialdia amaitzen denean.

Halaber, arratsaldeko 16.00etan, haurrentzako 'Loreren borobiltxoak' ipuin saioa eskainiko du Amaia Puin kontalariak, Donostia Kulturak Youtube, Instagram eta Facebook guneetan dituen kanaletan, eta 17:00etan 'liburu challenge' bat izango da Lorea Intxausti, Xanti Korkostegi eta Markel Sainz 'Go!azen' telesaileko aktoreekin.

Azkenik, 19.00etan, egunari amaiera emateko, 'Antzokia Etxean' programaren baitan, Amaia Lizarralderen 'Diario de una prueba' antzezlana jarriko da ikusgai Donostia Kulturak Youtube, Instagram eta Facebook guneetan dituen kanaletan.