GAUR8 - mila leiho zabalik

Bilboko 'Ikusi eta Ikasi' kultur programak udaberriko eskaintza eraberritu du

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak hiriko familien artean euskara sustatzeko antolatzen duten 'Ikusi eta Ikasi' kultur programak udaberrirako aurreikusitako eskaintza eraberritu du, konfinamenduak eragindako oztopoen ondorioz.

Euskaraldiaren mintzodromoa ekimena, iaz. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, apirilaren 27tik maiatzaren 16ra bitartean, egunero lantegi edo ikuskizuna bat argitaratuko da www.ikusietaikasi.eus webgunean, eta familiek nahieran gozatu ahal izango dute, etxeko ohitura eta errutinari jarraituz eta hobeto datorkien orduan. Saio bakoitza hiru egunez egongo da ikusgai web orrian.

Parte hartzeko xehetasunak webgunean izango dira ikusgai datorren astelehenetik aurrera. Sareko eskaintza denez, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, nahikoa izango da aipatutakoa webgunean sartu eta gustuko aukeraren gainean klikatzea. Hala ere, programan izena eman zuten familia guztiek mezu elektronikoa jasoko dute, eskaintzaren nondik norakoak azaltzeko.

Beti bezala, Ikusi eta Ikasi programak familia giroan kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzea du helburu, 4 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendutako hainbat diziplinatako saio, lantegi eta ikuskizun eskainiko ditu.

Antolatzaileen arabera, Ikusi eta Ikasi programa hitzordu finkoa bilakatu da jada familia askoren urteko aisialdiaren agendan, «asko baitira programak familian eta euskaraz gozatzeko eskaintzen dituen gune, une eta abaguneak».