GAUR8 - mila leiho zabalik

2020. urtean bilaketen %50 ahots bidez egingo dira

Ahots laguntzaileak bitxikeria izatetik eguneroko tresna izatera pasatzen ari dira. 2022 urterako ahots bidez egindako erosketak ere asko haziko direla espero dute adituek

Aurten bilaketen erdiak ahots bide egingo dira

Siri, Alexa, Cortana, Googleko laguntzailea edo Bixby oso ezagunak dira herritar gehienentzat eta badirudi ahotsez bertaratzen direnak ezinbestekoak bihurtzen ari direla egunerokotasunerako, eta ikerketek hala berresten dute. Ikerketen arabera, aurten kontsulta mugikorren %50 baino gehiago ahots bidezko bilaketak izango dira.

Herrialde batzuetan, erabilera are intentsiboagoa da. Berriki argitaratutako txosten baten arabera, 25 eta 49 urte bitarteko estatubatuarren %65ek gutxienez egunean behin hitz egiten dute euren ahots laguntzaileekin. Eta gero eta gehiago erabiliko dugu sistema hau erosketak egiteko. Aurreikuspenen arabera, sistema horren bidez egindako erosketak 40.000 milioi dolarrekoak izango dira Estatu Batuetan, eta Erresuma Batuan 5.000 milioi dolar ingurukoak. Estatu espainola ez da iraultza honetatik kanpo geratuko. 2017ko ikerketa batek nabarmendu zuen telefono adimendunen ahots-funtzioa ez zela batere arrotza telefonia mugikorraren erabiltzaileentzat: Estatuan bizi zirenen %60k erabiltzen zuen, eta %38k lekuak bilatzeko edo nabigatzeko erabiltzen zuen.

Sistemaren abantailak

Sistema horren erakargarritasuna bistakoa da: eskuak hutsik izanda bilaketak egiteko aukera ematen du, eta horri esker, beste gauza batzuk egin daitezke aldi berean. Aurrerapen handia da, eta, gainera, teklatua alde batera utzita, erabil daitezkeen gailu motak zabaltzen ditu. Horri gehitu behar zaio pertsona «modu naturalagoan eta zabalagoan» adieraz daitekeela. Adituen hitzetan, «horrek ahalegin txikiagoa eskatzen du eta emaitza hobea lortzea ahalbidetzen du».

Denborarena da beste abantailetako bat. Erantzunaren azkartasuna funtsezko faktorea da. Erabiltzaile batek segundo gutxitan eska diezaioke bere telefono adimenduneko laguntzaileari jatetxe batean mahaia erreserbatzeko gau horretan bertan afaltzeko edo denda baten ordutegi komertziala adierazteko esaldi bakarra erabiliz. Eta, gainera, erabiltzailearekin elkarrizketa arina sortzea eta kontsumitzailearen behar edo nahi bat asetzea ahalbidetzen duen ia berehalako erantzun hori gero eta azkarragoa izango da. «Erantzuteko abiadura handitu egingo da datozen urteetan, 5Gren etorrerari esker; izan ere, hizkuntza askoz naturalagoa garatu ahal izango da laguntzailearen eta erabiltzailearen artean».

Norbanakoak ez dira ahots-marketinari etekina ateratzen dioten bakarrak. Enpresentzat ere oso sistema erakargarria da, batez ere laguntzaileak erabiltzaileen gustuei, lehentasunei eta interesei buruz ematen duen informazioagatik. «Datuak sortze horrek bezeroak hobeto ezagutzea ahalbidetzen du, eta, beraz, enpresaren produktuei buruzko publizitatea eta informazioa modu pertsonalizatuagoan eskaintzea», nabarmentzen dute ikertzaileek.