GAUR8 - mila leiho zabalik

Maskara berritzaile «garden eta fidagarria», hiru euskal gaztek diseinatua

«Weetbe mask osaka« du izena, maskara «garden eta fidagarria» da eta hiru euskal gaztek sortu dute. Nabarmentzen dutenez, «itolarri sentsazioa» kentzen du eta pertsonen arteko komunikazioa errazten du. Ekoizpena finantzatzeko kanpaina bat jarriko dute martxan Indiegogo paltaforman.

«Weetbe mask osaka» musukoa, irudian. (Weetbe)

Hiru euskal gaztek ‘Weetbe mask osaka’ maskara berritzaile «garden eta fidagarria» diseinatu dute. Finantziazio kolektiboko kanpaina bat egingo dute hil honetan Indiegogo plataforman, irailerako aurreikusita dagoen ekoizpena finantzatzeko.

Sustatzaileek berek azaldu dutenez, Weetbe markarekin kaleratutako lehen produktua da, «eraginkortasun handiko maskara, erosoa eta segurua, normaltasun berrira egokitua».

Maskara berriak dituen ezaugarriei dagokienez, nabarmendu dute  «itolarri sentsazioa» kentzen duela, aireztapen balbula bat du eta pertsonen arteko komunikazioa errazten duen diseinu gardena baitu.

Arduradunen hitzetan, maskarak ingurumena errespetatzen du eta produktu «guztiz fidagarria» da, «partikulen %98 iragazten baititu».

Musukoa pertsonalizatu egin daiteke, eta begietarako pantaila bat jartzeko aukera ere badu, babes handiagoa izateko.

Web-orriko informazioan zehazten dutenez, musukoaren materialak birziklagarriak dira. Errez garbi daiteke, eta filtroak baino ez dira berritu behar. Gainera, ez du lurrunik eragiten, nabarmendu dutenez.

Joan den martxoan, hiru ekintzaile gazteek pentsatu zuten covid-19ak eragindako konfinamendu egoera «aukera ezin hobea» zela herritarrentzat produktu erabilgarri bat diseinatzeko, eta «une egokia» zela Weetbe enpresa propioa sortzeko, Walter Pack eta Idelt lan egiten duten enpresen laguntza eta aholkularitzarekin, haien politikek barne ekintzailetza eta berrikuntza sustatzen baitituzte.