SEP. 18 2020 Iparrorratza, Txalaparta eta Iratzar Fundazioak elkarlanean bultzatutako liburuxka bilduma Txalaparta argitaletxeak eta Iratzar Fundazioak Iparrorratza bilduma aurkeztu dute. Hainbat liburuxka palazaratuko dituzte «gaur egungo eztabaidak jorratu, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian». Bildumarekin batera, lehen bi aleak ere aurkeztu dituzte: «Euskal Matxinada» eta «Mamuari so». Iparrorratza bildumaren aurkezpena (Gorka RUBIO) GAUR8 Donostiako Teila Fabrikan, Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrulak eta Andoni Olariaga eta Floren Aoiz Iratzarreko kideek aurkeztu zuten bilduma. Olariaga eta Aoiz argitaletxeak eta fundazioak elkarlanean bultzatutako bildumako lehen bi aleen egileak dira. Arrulak esan zuenez, Euskal Herriko pentsamendutik mundua interpretatzeko gakoak emango zuen eta, guztiz koiunturala izan gabe, egungo eztabaidei helduko zien sail baten falta zuten. Gabezia horri erantzun omen dio Iparrorratza bilduma. Saiakera akademikoa eta «panfletoa» baztertuta, tarteko formatu arin bat hautatu dute. «Euskal Matxinada» “Euskal Matxinada” liburuaren egile Andoni Olariagak bere lanean aztergai du 1950eko hamarkadaren amaieran Euskal Herrian «zerumuga politiko sozial, kultural, etiko eraldatzailea» proposatu zuen mugimendua. «Ez da gertaeren multzoa, ez historia liburua, baina hari historikoa du»; izan ere, matxinada horren «konstante historikoak lotzen» saiatu dela esan zuen. Euskal matxinadaren sorreratik dauden konstante historiko horiek egokitzen joan direla azaldu zuen, baina ez dutela gaurkotasunik galdu. Alde batetik orduko planteamendu eta intuizio asko gaur egun berdinak direla uste du, eta aldi berean oso desberdinak. Hiru altal ditu Olariagaren liburuak. Lehenengoa, euskal matxinadaren genealogia da, hamarkada horietako «Euskal Herria agoniatik ateratzeko biziraupen estrategia», beti ere testuinguruari erreparatuta. Bigarren atalean aztertu du 1980ko hamakadatik XXI. mendera artean ekonomian, pentsamenduan, politikagintzan zer aldaketa estruktural izan ziren eta orduko eztabaidek nola eragin zuten euskal askapen mugimenduan. Azken atalean, XXI. mendean eta batez ere 2008ko krisitik aurrera sortu ziren edo indar handia hartu zuten askotariko mugimenduak ditu hizpide, «feminismoa kasu». Mugimendu horiek ere behartzen omen dute euskal matxinadaren hasierako intuizioak berrartikulatzera edo birpentsatzera. Olariagak dio liburuak mahai gainean jarri duela gaur egungo belaunaldiak taupada iraultzailea artikulatzen asmatzen jakin izana dela aurrekoarekin duen loturarik nabarmenena. «Mamuari so. Burujabetza vs neoliberalismoa» Bildumako bigarren alea elkarrizketa liburua da, Idoia Zengotitabengoak Floren Aoizi egindakoka; beraz, «beraz, biok idatzitakoa da». Mamuaren irudiarekin adierazi nahi dute neoliberalismoa maila askotan agertzen dela, ez dela soilik jarduera ekonomikoa: «Neoliberalismoa garaiko kapitalismoa da, haren baitan hainbat zapalkuntza uztartzen dira. Labur esanda, esan genezake desdemokratizazio, desjabetze eta azkenean desburujabetze dinamika erraldoia dela neoliberalismoa», azaldu zuen Aoizek. Esan zuenez, desdemokratizazio dinamika horrek azken hamarkadetan eztabaidaren erdigunean jarri ditu zenbait kontu. Horietako bat, liburuaren tesi nagusiaren gakoa, burujabetza, hain zuzen: «Burujabetzak kolektiboki aritzeko atxikimenak eta taupadak, estatalitatea eta azken finean ekonomia kontrolpean izateko aukera biltzen du, horregatik azpimarratu dugu liburuan neoliberalismoa ideia edo filosofia bezala sortzen denetik, gauzatzen den heinean, ibilbide horretan oso argi agertzen dela estatuak kolonizatzeko, burujabetza ekonomiaren menpe jartzeko borondatea. Neoliberalismoak oso ongi ulertu du herri burujabetza deuseztatu behar duela» Neoliberalismoari era eraginkor batean aurre egiteko, funtsezkoa omen da kapitalaren burujabetza versus herriaren burujabetza lehia erdigunean jartzea. «Azken batean, planteatu dugu irakurketa kritikoaz gain, ezinbestekoa dela alternatibak eraikitzea, bi mailatan: batetik, norabide gisa beste zibilizazio bat irudikatuz eta, hori bezain inportante, hara iristeko bidea egitea», bukatu zuen Aoizek.