GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakume gazteen bokazio teknologikoa sustatzeko jardunaldia antolatu dute

«Emakume gehiago Telekomunikazio-teknologietan» izenburupean, Bilboko Ingeniaritza Eskolak emakume gazteen bokazio teknologikoa sustatzeko jardunaldia ospatuko du astearte honetan, 10.00etan. Deialdia online jarraitu ahal izango da eta DBHko ikasleei eta orientatzaileei dago bereziki zuzenduta. Eduki guztiak eskuragarri izango dira EHUren web orrian.

Irudian, Marivi Higuero eta Sofia Ruiz de Gauna, jardunaldiaren antolatzaileetako bi. (EHU)

Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle talde batek antolatu duen jardunaldia modu irekian jarraitu ahal izango da astearte honetan, 10.00etatik aurrera. Helburua da emakume gazteak ikasketa teknologikoetara erakartzea eta bereziki DBHko ikasleei eta orientatzaileei zuzenduta dago. Bi orduko iraupena izango du. Jardunaldia jarraitzeko esteka hurrengoa da: https://labur.eus/8CETy

Jardunaldiaren edukiaz aurreratu dute telekomunikazio-ingeniaritzako emakumeen lekukotzak eta emakumeek bultzatutako proiektuen adibideak biltzen dituen bideo bat izango duela sarrera gisa. Informazioaren eta telekomunikazioen teknologien sektore ezberdinetan trebatutako emakume profesionalek hartuko dute parte, baita gaur egun Eskolan ikasten ari diren zenbait gaztek ere. Horrekin batera, «hainbat material jarriko da orientatzaileen eta irakasleen eskura, neska gazteei informazio gehiago eman diezaieten».

«Ba al dakizu nork garatu zuen lehen programa informatikoa? Eta haririk gabeko konexioak?». Galdera biak bota dituzte antolatzaileek gaiaren inguruko jakin-mina pizteko, eta nabarmentzen dutenez erantzuna argia da, emakumeak aurkikuntza teknologiko garrantzitsu askoren atzean egon baitira.

«Funtsezko zeregina hurrengo urteetan»

«Emakumeon zeregina funtsezkoa da eta izango da hurrengo urteetan» teknologiaren ikuspuntutik «puntako lurralde izateko», azaldu dute antolatzaileek. «Digitalizazioaren, 5Garen eta 4.0 Industriaren garapenak oso langile espezializatuak behar ditu, eta enpresak ari dira dagoeneko talentu horren bila; espediente bikainak dituzten neska ikasleek, berriz, lan-irteera okerragoak dituzten beste ikasketa batzuk aukeratzen dituzte», azaldu dutenez.

Beraz, dinamika horri buelta ematea eta «arlo profesional horietako genero-arrakala apurtzea» dira ekimenaren helburu nagusiak. Emandako datuen arabera, «eskolan ia %100eko laneratzea duten ikasketa horiek egiteko» emakumeek duten zaletasun txikiagoa urtero ikusten da matrikulazioetan. Zehaztu dutenez, telekomunikazioetako ikasleen %30 baino ez dira emakumeak, eta ikasturte honetan, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako graduan 315 ikasletik 96 neska hasiko dira.

Arazoa ez da soilik Ingeniaritza Eskolan ematen, orokorra da, eta «hori bideratzeko modu bakarra orientazioa gazte-gaztetatik hastea» dela nabarmentzen dute. Izan ere, gaiak duen garrantzia dela-eta, jardunaldiaren ondoren eduki guztiak eskuragarri izango dira www.ehu.eus/es/web/kis webgunean.