GAUR8 - mila leiho zabalik

Elhuyarren online hizkuntza zerbitzuek «sekula baino erabiltzaile gehiago» izan zituzten 2020an

Elhuyar Fundazioaren  hizkuntza arloko online baliabideen erabilerak gorakada izan zuen 2020an, «sekula baino erabiltzaile gehiago» erregistratuz. Emandako datuen arabera, 65 milioi hiztegi-kontsulta (%11 gehiago) eta 12 milioi itzulpen-eskaera jaso zituzten iaz.

Hiztegi eta itzulpen zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu Elhuyarrek.

Zientzia eta euskararen uztarketari bultzada emateko jaioa, Elhuyar Fundazioak zientzia eta teknologia gizarteratzen laguntzen eta euskararen garapena bultzatzen jarraitzen du. Hizkuntzaren arloan, eskaintzen dituen zerbitzuetan 2020an erregistratutako erabilera datuak bildu ditu, eta urteko balantzean «harrera ezin hobea» izan dutela nabarmendu du.

Izan ere, Elhuyarren hiztegien webgunearen kasuan (hiztegiak.elhuyar.eus), 6.752.57 bisita izan zituzten eta ia 65 milioi kontsulta; 64.985.491 zehazki, 2019an baino %11 gehiago.

Itzultzaile automatiko eleaniztuna (https://itzultzailea.eus), bestalde, 1,8 milioi bisita izatetik gertu egon zen, eta guztira 12 milioi itzulpen-eskaera baino gehiago jaso zituen. Fundaziotik zehaztu dutenez, 288 milioi hitz inguru itzuli zituen, horien %58 gaztelaniatik euskarara eta %17 euskaratik gaztelaniara. Gainontzekoen artean, %8 gaztelaniatik katalanerako itzulpenak izan ziren, beste horrenbestekoak gaztelaniatik galegora itzultzeko egindakoak eta %9 beste hizkuntza bikoteen arteko itzulpenak izan ziren.

Itzulpen-zerbitzu profesionalari dagokionez, 85 bezero baino gehiagori eman zion arreta. Kalitate-ziurtagiria berritu zuen zerbitzuak, eta 36 trebakuntza saio eman zituen Elhuyarretik kanpoko itzultzaile profesionalei zuzenduta.

Zerbitzuaren inguruan fundazioak zehaztu du urteroko dinamika jarraituta, arlo askotako lanen itzulpenak egin zirela hainbat hizkuntzatara. Landutakoen artean, besteak beste, testu administratiboak, publizitate testuak, software-lokalizazioak eta gai zientifiko-teknikoetako unibertsitate-liburuak eta DBH eta Batxillergokoak.

Erabilera egokirako «gomendioak»

Pasa den urtean fundazioak #ElhuyarrenGomendioak izeneko ekimena jarri zuen abian, horren barruan euskararen erabilera egokiarekin lotutako gomendioak argitaratzen ditu sare sozialen bidez. Zabaldutako guztiak kontsultatzeko aukera dagoela gogoratu du.

Bestalde, Covid-19aren pandemiaren testuinguruan terminologia eguneratua eskaintzeko egindako ahalegina nabarmendu dute. Atal honekin lotuta, zehaztu dute 2020an zehar baliabideak eguneratzeko hiztegien webgunean lehendik zeuden 963 hiztegi-sarrera eguneratu eta 1.223 berri gehitu zituela, «tartean Covid-19arekin lotutako hiztegi bat» osatuz, https://labur.eus/Elhuyar_COVID-19.