GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakume zientzialariak ikastetxeetan eta erakusleihoetan, euren nazioarteko egunean

Ostegun honetan Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, emakume horien istorioek eta historiak espazio publikoak hartuko dituzte Elhuyarrek antolatuko hainbat ekimeni esker. «Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira» liburu ilustratua izango da abiapuntua.

Ikusgai izango den karteletako bat, Barbara McClintock zientzialariari buruzkoa. (Elhuyar)

Elkarren liburu-dendetan ostegunetik aurrera salgai egongo da emakume zientzialarien istorioak eta historia biltzen dituen “Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira” liburu ilustratua. Lan horren ilustrazioak kartel bihurtu dituzte eta zenbait espaziotan egongo dira ikusgai, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eginez.

Izan ere, ikasleek zientzialarien ibilbideak ezagut ditzaten, irudiak Gipuzkoako ikastetxeetan jarriko dituzte. Horrekin batera, Bizilabe proiektuaren barruan “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena egingo da Bilbon, Elgoibarren, Ermuan, Soraluzen eta Tolosaldeko herrietan, «bertako udal eta garapen agentziekin elkarlanean».

Guztira, 76 establezimenduk hartuko dute parte zientzialarien ibilbideak bistaratzeko ekimen horretan. Establezimendu bakoitzean emakume zientzialari bat izango da erakusleihoko protagonista, informazioa biltzen duen horma-irudia jarriko dute eta haren ikerketan inspiratutako apainketa izango du. «Horrela emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute», azaldu dute.

Erakusketa eta esperimentuak

Hilean zehar ospatuko diren ekintzen artean, hilaren 20an eta 21ean Eureka museoan istorio horiei eskainitako erakusketa bat egongo dela esan dute. Gainera, «haien omenez familian lantzeko esperimentuak» egingo dira.

Bestalde, aurreratu dutenez, ETBko “Teknopolis” programak gai honi buruzko saio berezia izango du hurrengo asteburu honetan, eta osasunean eragina duten gizarte-baldintzatzaileen azterketan aditua den Amaia Bacigalupe elkarrizketatu dutela iragarri dute. Horrekin batera, Euskadi Irratiko “Norteko Ferrokarrilla” irratsaioan «aipagai nagusi» izango da gaia, eta Maria Garcia Vergnioryri fisikariarekiko elkarrizketa izango da.

Elhuyarrek nabarmendu du bere jardunaren barruan urte osoko lana dela neskak zientzia eta teknologia gaietan parte hartzera erakartzeko hainbat ekimen antolatzea, eta horren adibide gisa jarri du Steam hezkuntza (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak, ingelesez).