FEB. 09 2021 Hamalau ikastola eta erronka bat: emakumezkoen biografia gehiago Txikipedian Ikastolen Elkarteko hamalau ikastetxetako DBHko ikasleek emakumezkoen biografiak, bereziki emakume zientzialarienak, euskaraz sortzeari ekin diote. Erronka da otsail eta martxoa bitartean 250 sarrera berri egitea, Txikipedia elikatzeko. Ikasleak gelan, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA/FOKU) GAUR8 “Nik, zuk, guk… 20 bai?” proiektuaren barruan, hamalau ikastolatan Txikipedia edukiz hornitzea helburu duen erronkan ari dira lanean DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak. Ekimenaren xede nagusia emakumezkoen biografiak, eta bereziki emakume zientzialarienak, euskaraz sortzea da. Eginkizunari erronka formatua eman diote, otsail eta martxoa bitartean 250 sarrera berri lortzeko. Proiektua Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak duten lankidetzaren fruitu da. Ohartarazi dutenez, euskara bezalako hizkuntza txikituek presentzia txikia dute testuinguru digitaletan. Horrez gain, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruen artean «arrakala izugarria» dago. Bi hutsune horiek kontuan hartuta, ekimena eduki gehiago sortzera bideratuta dago. Erronkarekin ikasleen «sentsibilizazioa eta proaktibotasuna» ere sustatu nahi dela esan dute, konpetentzia digitalaren lanketarekin batera. Otsailaren 11 eta Martxoaren 8a Proiektua zenbait fasetan banatuko da, sentsibilizazioa, arakatze jarduerak eta gaien aukeraketatik hasita. Ereduak izango dituzte aukeratutako biografiak sortzeko eta irakasleek edukien eta hizkuntzaren zuzentasuna bermatuko dituzte. Martxoaren 8an garatutako artikulu kopuruaren jarraipena egingo da. Erronkari aurre egiteko aukeratutako datak gogoratu dituzte, hilaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, eta Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. «Bi data esanguratsu horietan sortu nahi dira emakumezkoen biografiak Txikipedian» eta tokian tokiko emakumeei eta Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna eman.