GAUR8 - mila leiho zabalik

Basoen dibertsitatea ez da nahikoa muturreko lehorteen aurrean, ikerketa baten arabera

EHUko adituen parte hartzea izan duen Estatu mailako ikerketa batek ondorioztatu du basoetan hainbat espezietako zuhaitzak izateak eragin onuragarria duela hazkundean, baina dibertsitatea ez dela nahikoa lehorte handien eta muturreko beste gertaera klimatikoen aurka.

Urbiako basoak, irudian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Basoen portaerari buruzko ikerketa Estatu mailakoa da eta baieztatu du zuhaitz dibertsitatea handitzeak produktibitatea hobetzen duela klima aldaketen aurrean. Hala ere, klima aldaketaren ondorioak arintzeko, «muturreko gertaeren lehortasuna eta maiztasuna areagotzen baldin badira, baliteke egokitzapen neurriak, hala nola dibertsitatea handitzea, nahikoa ez izatea», adierazi dute.

Ikerlanean ikusi da zuhaitz espezieetako banakoek baliabideak modu ezberdinetan erabiltzen dituztela, eta haien artean ez dela espezie berekoen artean izaten den hain lehia handia izaten. Horregatik, nabarmendu dute basoetako dibertsitatea handitzeak haien produktibitatea hobetuko lukeela «ingurumen gorabeherekiko hazkunde egonkorrago bati esker».

«Ez genekien espezie ezberdinen nahasketa ere hain onuragarria zenik muga hidrikoak dituzten basoetan» muturreko gertaerei erantzuteko, erantsi dute azterketaren ondorioen gainean.

Ikerketan parte hartu duen Enrique Andivia Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Biodibertsitate, Ekologia eta Eboluzio Saileko ikertzaileak azaldu du ekosistema mediterraneoetako biodibertsitatearen eta produktibitatearen arteko erlazioa hazkundearen egonkortasuna handitzearekin lotuta dagoela, baina muturreko gertaerei emandako erantzuna aztertzean dibertsitatearen efektu positiboa desagertu egiten dela.

Ondorio garrantzitsuak

Asier Herrero EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikerlariak nabarmendu du, bestalde, ikerketaren emaitzek «ondorio garrantzitsuak» ekarriko dituztela baso kudeaketan, «gure basoak klima aldaketara egokitzeko».

Ikerlanaren emaitzak “Forest Ecology Management” aldizkarian argiratu dira. Unibertsitateko iturriek azaldu dute ikerketa egiteko pinuak eta haritzak aztertu zirela, «bai espezie masa mistoetan, bai nahasi gabeko masetan, Guadarrama mendilerroan (Madril)». Baso horiek «kasu bikaina» direla azaldu du Andiviak, «mendi eremu mediterraneoak puntu beroak» baitira, «klima aldaketak landare komunitateen dinamikan dituen ondorioak aztertzeko».