GAUR8 - mila leiho zabalik

«Aralar, Kirikuren begirada», historia eta naturari begiratzen dien erakusketa Lekunberrin

Lekunberriko Antonea Etxean, Aralarko azken 100 urteetako historia biltzen duen erakusketa zabaldu dute, bisitariak ondare naturalari, lanbide zaharrei eta inguruko biodibertsitateari begira jarriz. Kiriku ugatzaren hegadan ikusitako paisaia eta legatua jaso dute Astiz Irujo Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak.

Erakusketaren ataletako bat, irudian. (Astiz Irujo F./Aranzadi Zientzia Elkartea)

Lekunberrin, Astiz Irujo Fundazioaren egoitza den Antonea Etxean, “Aralar, Kirikuren begirada” urtebetez zabalik egongo den erakusketa dago ikusgai, Aralarko paisaian azken 100 urteetan zeharreko moduko ibilbide bisuala erakutsiz.

Erakusketak proposatzen duen denboran zeharreko bidaia horretan, lanbideak eta aitzindariak izan ziren geologia edota biodibertsitatea ikertzeko espedizioak eskutik doaz hainbat objektu, irudi eta materialen bidez, legatu oso bat balioan ipini eta gaur egungo gizarteari gerturatzeko.

Era horretara, ikazkin, egurketari, artzain eta abeltzainen lanetara hurbiltzeko aukera du bisitariak, Fermin Leizaolak, Ondare elkarteak eta inguruko zenbait partikularrek utzitako material etnografikoaren bidez.

Horren ondoan, XIX. mendearen amaieratik aurrera, paisaia, geologia eta biodibertsitatea ikertzeko egindako espedizioek osatzen dute proposamena, eta piezen artean, lehen ikerketa haien materialak, adibidez itsasoko fosilak, 40. hamarkadako lanerako tresnak, eta garaiko ikertzaileen erreferentziak aurki daitezkeela aurreratu dute erakusketaren komisarioak diren Astiz Irujo Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak.

Biodibertsitateari begira zabaldu duten atalean, animalien hondakinak daude. Horien artean, ipar-katamotza edota hartzaren burezurrak ikus daitezke, inguruan jada desagertuta dauden animalia taxidermizatuekin batera, adibidez Pirinioetako muturluzea eta basoilarra.

Kiriku, ikurra

Aparteko aipamena du erakusketaren «protagonista den espeziea, Kiriku esaten dioten ugatza», Aralarko «biodibertsitatearen ikur bihurtu» zena.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea den Suberri Mateok azaldutakoaren arabera, Arbaiungo arroilan jaio zen harrapari ar hori, eta Aralarren finkatu 2011. urtean. Bost urte beranduago Muel, harrapari emea, iritsi zen, eta urtebete beranduago Eder iritsiko zen.«Guretzat espezie ikurra da, espezie babestua da, eta erakusketaren ikuspegi holistikoa ematen du», adierazi du Mateok, erakusketak garai bateko lanbideei buruzko gogoeta ere egiten duela nabarmenduz.

Erakusketaren aurkezpenean parte hartu zuen Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak erakusketak eremuko balio natural eta kulturalak zabaltzeko egiten duen ekarpena azpimarratu zuen.

Gorka Azpiroz Lekunberriko alkatearen ustez, bestalde, azpimarragarria da erakundeen arteko elkarlana eta ondare kultural eta historikoa balioan jartzeko ahelegina.