GAUR8 - mila leiho zabalik

Ana Beloqui ikertzaileak BBVA Fundazioaren Leonardo beketako bat eskuratu du

Ana Beloquirentzat da ikerlari eta kultur sortzaile gazteen ibilbideak babesten dituzten BBV Fundazioaren Leonardo beketako bat. Azaldu duenez, bultzada horri esker, bere ikerlanak tresna kimiko berriak proteinen ingeniaritzaren eremuan erabili ahal izateko aukera aztertu ahal izango du, eta eragin handia izan dezakeen lerro bat ezarri.

Ana Beloqui euskal ikertzailea. (Polymat/EHU)

Ana Beloqui Polymat-EHUko (Kimika Fakultatea) eta Ikerbasqueko ikertzaile nagusiak BBVA Fundazioak Leonardo beketako bat jaso du. Laguntza horien xedea ibilbidearen erdialdean dauden 30-45 ute arteko ikertzaile eta kultur sortzaileen lanak babestea da, eta Beloquiren kasuan, oinarrizko zientzien arloan eman diote, Kimika modalitatean.

Euskal ikertzailea burutzen ari den proiektuak «Hidroparch» izena du, eta metodologia kimiko bat garatzea du helburu, polimeroak erabiliz proteinak egonkortzeko eta sintesi kimiko prozesu jasangarrietan, detektagailuetan edo aplikazio biomedikoan erabiltzeko.

Lan horretan bekak suposatzen duen bultzada azpimarratu du ikertzaileak, eta proiektuaren alde egindako apustua eskertu du, «tresna kimiko berriak proteinen ingeniaritzaren eremuan erabili ahal izateko aukera» aztertzeko bidea zabaltzen duelako.

Beloquik azaldu du  «Kimika Biologikoaren arloan eragin handia izan dezakeen lerro bat» ezar daitekeela, eta goraipatu du bere lanaren aitorpena ezingo lukeela jaso bere taldeko ikertzaileen, bere mentore ohien eta kolaboratzaileen lanik gabe. Nabarmendu duenez, ikerketa lerro horren atzean hainbat erakunderen apustua ere egon da, eta EHU, Ikerbasque edota Ikerketako Estatu Agentziarena aipatu ditu.

Disziplina arteko ibilbide bat

Kimikako doktoregoa Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin zuen Beloquik. Bere ibilbidean Biokatalisiaren munduan aplikatzeko tresna kimikoak garatu dituela zehaztu du EHUk, disziplina arteko eta disziplina anitzeko ibilbide bat osatuz. Ikerketaren gakoa «biokatalizatzaileak aurkitzea, hobetzea eta ezaugarritzea, polimeroen kimika aplikatua erabiltzea entzimei funtzionaltasun berriak sartzeko, eta horrela (nano)material biokatalitiko egonkorrak sortzea» izan da.

EHUk eta Ikerbasquek nabarmendu dutenez, bere arloan atipikoak izan arren, Beloquik ikertzaile etapetan ikasi dituen metodologiak eta kontzeptuak aplikatzen ditu egungo ikerketetatik espero den moduan.