GAUR8 - mila leiho zabalik

Kannabinoideak, terapeutikoak edo kaltegarriak? Aktibatzen duten zelula-eskualdearen arabera

Euskal ikertzaileen partaidetzarekin burutzen ari den nazioarteko ikerketa bat kannabinoideek dituzten eragin terapeutikoak eta sor ditzaketen kalteak aztertzen ari da, aktibatzen duten zelula eskualdeen azterketan zentratuta. Helburua da mekanismoak ulertzea, konposatu horiek segurtasun handiagoz erabiltzeko.

Nagore Puente, Edgar Soria-Gomez, Itziar Bonilla Del Rio eta Pedro Grandes ikertzaileak. (MITXI/EHU)

Konposatu kannabinoideak gero eta gehiago erabiltzen dira aisian zein terapia gisa, baina albo-ondorio garrantzitsuak dituzte, narriadura kognitiboa eta disfuntzio motorrak, besteak beste. Hori dela eta, eztabaida handia dago aisian egiten den kontsumitzeko segurtasunari dagokionez eta erabilera medikuarekin lotuta, adibidez minarekiko sentikortasuna kontrolatzeko.

Erabilera segurua bermatzeko, funtsezkoa da kannabinoideek eragindako ondorio terapeutiko eta kaltegarrien mekanismoak ulertzea, eta bide horretatik doa EHUren, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroaren, Bordeleko Unibertitatearen eta Kanadako erakunde batzuen arteko lankidetza, ikerketa bide horretan sakontzeko.

Ikertzaileek azaldu dutenez, marihuanaren konposatu psikoaktibo nagusia delta-9 tetrahidrokannabinola edo TCHa da eta garunean 1 motako errezeptore kannabinoideak aktibatuz jarduten du batez ere. Horrez gain, CB1 errezeptorearen aktibazio farmakologikoak esperimentazio-animalien kontrol motorrari eragiten diola ikusi dute, eta gizakietan kalamua kontsumitzearekin lotutako zirkulazio-istripuen eragile nagusia efektu kataleptikoak direla.

Prozesu molekular eta zelular espezifikoak

CB1 errezeptorea oso banatuta dago garun osoan eta askotariko zelula konpartimentuan, baina ez dira oso ezagunak atzean dituen prozesu molekular eta zelular espezifikoak. Bi eremu horiek argitu nahi ditu ikerketak.

«Antzina uste zen nortasun-ezaugarriak garezurraren formaren araberakoak zirela, gero ezarri zen garun-egiturak beren funtzio espezifikoez arduratzen zirela, eta berriki fokua jarri da neurona-zirkuituek portaeraren arduradun gisa» duten funtzionamenduan, azaldu du ikertzaileak.

Erantsi duenez, ikerketa honetan «urrats bat egin dugu aurrera erakutsi baitugu proteina batek (kasu honetan, CB1 errezeptoreak) portaera desberdinak modulatzen dituela garun-zirkuitu beraren barneko zeluletako toki batean edo bestean. Hau da, portaeraren kontrolaren espezifikotasun subzelular bat aurkitu dugu»