GAUR8 - mila leiho zabalik

Caleidoscopio programa, gazteak argazkigintzan inspiratzeko

Hurrengo iraila eta urtarrila bitartean, Caleidoscopio hezkuntza programaren bigarren edizioa egingo da. Argazkilaritza tresna gisa ulertuta, ekimenak hainbat arlotan inspiratu eta formatu nahi ditu gazteak.

Caleidoscopio hezkuntza-programa irailean hasi eta urtarrilean bukatuko da.

Caleidoscopio argazkigintza garaikideari buruzko hezkuntza-programak bigarren edizio bat izango du ikasturte berrian. Iraila eta urtarrila bitartean ospatuko da, Caleidoscopioren sortzaile Helena Goñi artista bisualak bultzatuta.

Proposamen berri honetan, gainera, Goñik indarrak batu ditu Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiaren bultzatzailearekin, Begihandi Kultur Elkartearekin.

«Getxoko Udaleko Tokiko Ekonomia Sustapenaren Arloaren laguntza du programak, eta bere lan artistikoa garatu eta ezagutzak zabaldu» nahi dituzten EAEko 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Ezagutzak zabaltzeko helburu horrekin lotuta, hain zuzen ere, ekimenak argazkilaritzaren inguruko ikuspegi zabala eskaini nahi du. Zehaztu dutenez, «argazkigintza hainbat leku, eremu eta interes gunetatik lan egiteko tresna gisa» ulertuta, praktika artistikotik ikerketa mundura joango dira jorratuko diren lan eremuak, artxiboa, edizioa, argitalpena, kudeaketa edota komunikazioa aztertuta.

Programak iraungo duen bost hilabeteetan zehar, ikastaroa hezkuntza-modulu teoriko eta praktikoetan banatuko da, eta gehienak online izango diren arren, aurrez aurreko jarduerak ere izango dira.

Profesional ezagunen parte hartzea

Aurrerapen modura zehaztu dute nazioartean irudiaren arloan lan egiten duten hamabost profesional ezagunek eskainiko dituztela topaketa eta ‘masterclass’ horiek, eta horien artean Lua Ribeira, Jon Cazenave eta Bego Anton argazkilari ospetsuak, Erika Goyarrola komisarioa eta Dalpine argitaletxea aipatu dituzte.

Ikasleek banakako tutoretza izango dute, eta ikastaro osoan zehar orientabidea emango diete. Tutoretza horietan, irudiaren munduko profesionalek parte-hartzaileei jarraipena egin eta laguntza emango diete proiektu pertsonaletan.

Matrikulatzeko epea irailaren 7ra arte egongo da zabalik. Izena emateko bidea eta ekimenaren inguruko informazio guztia www.caleidoscopiophoto.com webgunean dago eskuragarri.