GAUR8 - mila leiho zabalik

Dabilena, Elhuyarren tresna berria Interneten hitzen bilaketak egiteko

Elhuyar Fundazioak Interneten hitzen bilaketak egiteko tresna berri bat jarri du abian. Euskaraz eta gaztelaniaz egin daiteke kontsulta, zer webgunetan eta zer testuingurutan erabili den jakiteko, edota bi sinonimoren artean zein erabiltzen den gehien ikusteko.

Interneten hitzen bilaketak egiteko sortutako Dabilena atari berria, irudian. (ELHUYAR)

Publiko orokorrarentzat pentsatuta, Dabilena izeneko atari berriak erabilgarritasun berezia du hizkuntzaren arloko hainbat jardueratarako, hala nola hiztegigintza, itzulpengintza, irakaskuntza edo hizkuntza-teknologien garapenaren arloetan.

Udarekin jarri du abian Elhuyarrek proposamen berria, eta nabarmendu du, hain zuzen ere, «tresna ezin hobea» dela itzultzaile, hizkuntzalari eta hizkuntza-irakasleentzat, baita haientzako hizkuntza-baliabideak sortzen eta hizkuntza teknologia garatzen dituztenentzat ere.

Erabilera errazekoa, hiru atal nagusi eskaintzen ditu webguneak: «Non erabili da?», bilatu nahi den hitza zer webgunetan eta zer testuinguruan agertu den ikusteko; «Nola itzuli da?», bilaketak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko eta bietako adibideak ikusteko; eta «Zer hitzekin konbinatzen da?» hirugarren atal bat, euskarazko hitz jakin bat zer beste hitzekin erabiltzen den ikusteko.

Webgunean bertan azaltzen denez, konparazio-bilaketak egiteko aukera ematen du, «bi hitzen erabileraren arteko konparazioa» egiteko. Era horretara ikus daiteke, adibidez, bi hitzetako zein agertzen den gehien.

‘Corpus gehiago’ atalean, bestalde, Interneten eskura dauden hainbat corpusetako emaitzak aldi berean kontsultatzeko aukera dago.

Proiektuaren laguntzaileen artean Laboral Kutxa eta Gipuzkoako Foru Aldundia daude, baina bereziki IXA taldeak corpusa prozesatzen egin duen lana nabarmendu du zientzia eta euskara bultzatzen diharduen fundazioak.