GAUR8 - mila leiho zabalik

Gipuzkoako DBHko ikasleen artean kultura ohiturak bultzatzeko programa berria


Gazteen interes sortzailea garatzen lagundu eta ikasleak kultura eta artera hurbildu nahi dituen beste programa bat abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko ikastetxeentzat. 12 eta 16 urte bitarteko DBHko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua da.

Ikasleak Durangoko azokan, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak bigarren urtez abiatu duen programa DBHko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago eta gazteak kultura eta artearen mundura hurbiltzen laguntzea du helburu, kulturarako sarbide unibertsala bultzatuz.

Programaren edizio berriaren aurkezpenean, bultzatzaileek nabarmendu dute «gazteak kulturarekin eta artearekin lotzea ezinbestekoa» dela «balioan oinarritutako gizarte kritikoa nahi badugu». Erantsi dutenez, sektorean enplegua sortzeko aukera ere bada.

Berez, gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea eta herrialdeko kultura sarea sendotzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Deialdia ikastetxeentzat da. Joan den ikasturtean, 16 ikastetxek hartu zuen parte eta 87 proposamen artistiko eta kultural zituen katalogoa eskaini zitzaien. Gogoratu dutenez, dantza, antzerkia eta ikus-entzunezkoak izan ziren landu ziren jardueretako batzuk.

Ikasturte berriari begira, beste deialdi bat egin dute “Kultura Eskola Etorkizuna Eraikiz” programaren barruan. Ikastetxeek irailaren 20ra arteko epea dute izena emateko.

Proposamen berriak katalogoan

Joan den edizioko katalogoaren eskaintza berritu eta proposamen berriak daudela iragarri dute, ikastetxeek horien artean hauta dezaten. Finantziazioari dagokionez, Foru Aldundiak zentroek ordaindutako prezioaren % 90a finantzatuko du, baliozkotutako jardueren kontratazio gisa, webgunean zehaztutakoaren arabera.

Era berean, azaldu dute diru-laguntza bi zatitan ordainduko dutela, %60 aurrerakin gisa eta gainerako %40a jarduerak egin direla justifikatu ondoren.

Joan den ikasturteko esperientzian oinarrituta, Iker Lauroba sortzaileak azaldu du bere kasuan musika egitea beren eskura dutela agertu nahi ziela, eta baieztatu ahal izan zuela «prozesua gertukoago sentitzen dutela».