GAUR8 - mila leiho zabalik

Idoia Leachek irabazi du Itsas Kontainerretan egindako Instalazio Artistikoen VIII. lehiaketa

Instalazioa hiru edukiontziz osatuta dago, eta urtebetez egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean.

Idoia Leache eta lehiaketa irabazi duen bere artelana.

Idoia Leache artistak irabazi du Itsas Kontainerretan egindako esku-hartze artistikoen lehiaketaren VIII. edizioa. Euskal Herriko Unibertsitateak, Aurtenetxea Containers-ek eta Itsasmuseum Bilbaok antolatzen dute lehiaketa eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak bertan parte hartzera gonbidatzen dira. Esku hartze artistikoan pintura, eskultura, ikus-entzunezkoak, performance edo beste diziplina artistikoren bat erabil daiteke eta salgaiak garraiatzeko erabili ohi diren hiru edukiontzi edo kontainer industrialetan gauzatzen da.

Hautatutako lana iragankorra izango da, eta urtebetez egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean: Bilboko kokaleku pribilegiatua, bertan museoaren bildumako pieza nabarmenak daudelako, hala nola, Euskaldunako ontzioletako dikeak eta Carola garabi ikonikoa, Bilboko itsasadarraren bi ertzetatik ikusteko moduko kokalekua.

Izena daukagu-Tenemos nombre

Idoia Leache UPV/EHUko Arte Ederretako graduatu berria da eta saritua izan den bere lana “Izena dugu – Tenemos nombre” artelana izan da. Bere proiektuarekin emakumeek itsas historian zehar egindako lana agerian jarri nahi da, kontainer erraldoi hauetan itsas arloan nabarmenak izan diren emakumeen izenak idatziz, haien ekarpena lehen lerrora ekartzeko.

“Izena daukagu – Tenemos nombre” artelanean hamabi emakume nabarmentzen dira, bere garaian gizonezkoen esparru profesionalean aitzindariak izan zirenak eta bere erabakitasunarekin hurrengo belaunaldiei bidea irekitzen lagundu zietenak. Horien artean daude, esaterako, Anna Ivanova Schetinina, Merkataritza Itsasketako lehen kapitaina 1935ean; Victoria Drummond, makinetako lehen ofiziala 1922an eta makinetako burua 1959tik aurrera; Lena Ringbom finlandiarra, 1931n ontziratu zen lehen emakume marinela, 16 urte zituela; Mary Lacy, 1759an, 19 urterekin, arotz ikastun bezala ontziratu zena bere emakume izaera ezkutatuz, William Chandler izena hartuz itsasoratu ahal izateko; Conchi Rodríguez Rodríguez, Marina Zibilean doktorea, zortzi urte daramatza kapitain lanetan, bidaiari-ontzietan, karga ibilgailuetan eta petrolio-ontzietan; Idoia Ibañez Ozores bilbotarra, 1994an itsasontzi bateko kapitain izatea lortu zuen lehen emakumea edota Remedios Hinojosa, "Reme", Trasminako lehen kapitaina.