GAUR8 - mila leiho zabalik

Dislexiari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen, asteazkenetik ostiralera

Asteazken honetatik ostiralera, dislexiaren inguruko jardunaldiak ospatuko dira Gasteizen, irakaskuntzako profesionalei eta arloan interesa duten lagunei eta familiei zuzenduta. Topaketetan, detekzioaz eta ikaskuntza prozesuan laguntzen duten jarraibideez hitz egingo dute.

Dislexiari buruzko jardunaldiak izango dira Gasteizen. Hiriburu arabarra, irudian. (Juanan RUIZ/FOKU)

Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko Guraso eta Hezitzaileen Eskolak dislexiari buruzko jardunaldiak antolatu ditu aste honetarako, irakurketaren irakaskuntzan interesa duten pertsonei eta familiei zuzenduta.

Dislexia sortzetiko afekzio neurologiko konplexua da. Irakurtzen eta idazten ikasteko zailtasun espezifiko gisa deskribatu daiteke, eta munduko biztanleen %8 ingururi eragiten die.

Topaketak asteazkenetik ostiralera izango dira, egunero, 18.00etan hasita. Zehaztu dutenez, parte hartzeko izena eman behar da Foru Aldundiaren webgunean.

Nola detektatu eta jardunbide egokiak

Jardunaldiotan, dislexia zer den, nola detektatu, jardunbide egokiak eta pertsona dislexikoaren ikaskuntza prozesuan laguntzeko jarraibideak aztertuko dituzte, ibilbide horren alderdi emozionalak kontuan hartuta eta ataza, ariketa edo praktika zehatzak zehaztuta.

Lehen hitzaldia, sarrera gisa, Mariñe Soto pedagogo eta Dislebi Euskadiko Dislexia Elkartearen laguntzaileak emango du. Bigarren saioa Daniel Montoya eta Eva Audicana Atulado aholkularitza psikologikoko langileek eskainiko dute, eta dislexia duten haurrekin eguneroko jardunean lortutako esperientziaren inguruan hitz egingo dute.

Jardunaldien azken saioak bizipen pertsonalak bilduko ditu. Ostiralean, hiru senidek seme-alabekin izan dituzten esperientziak eta egin duten bizi ibilbidea azalduko dituzte.