GAUR8 - mila leiho zabalik

Klima larrialdiaren aurreko Yvo de Boerren «errezeta»: kutsadurari prezio egokia jarri eta teknologian inbertitu

Yvo de Boer ingurumen politikan aholkulari eta Nazio Batuen idazkari exekutibo ohiak klima larrialdiari buruz hitz egin du EHUn, eta zenbait errezeta eta hausnarketa utzi ditu, NBEk berak «denbora amaitzen ari dela» ohartarazi ondoren.

Yvo de Boer aditu vienarrak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatutako hitzaldi batean hartu du parte. (Jorge NAVARRO/EHU)

Yvo de Boer nazioarteko ingurumen politikan aholkularia eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko idazkari exekutibo ohia Euskal Herrian izan da klima larrialdiaz hitz egiteko, eta erronkari aurre egiteko «errezetak» aipatu ditu: «kutsadurari prezio egokia jartzea eta teknologian inbertitzea etorkizun energetiko garbia lortzeko, pobrezia errotik kentzea arriskuan jarri gabe».

“Campusa” EHUko agerkarian eginiko elkarrizketan egin ditu adierazpenak, “Klima Aldaketaren Eguna” Zientzia eta Teknologia Fakultateak aste honetan antolatutako hitzaldian parte hartu ondoren.

Vienarraren ustez, emisioak murrizteko gobernuen promesak «ez dira nahikoak klima aldaketa arriskutsua saihesteko. Ohartarazi du, «inflexio puntu larrietara» hurbiltzen ari garela, «esaterako, eremu artikoak desizozten ari dira eta honek metano kantitate handiak aska ditzake».

«Inoiz baino gehiago isurtzen»

Nazio Batuetan ardura izan bitartean arlo honetan izan duen esperientzia gogoratuta, Yvo de Boerrek nabarmendu du nazioarteko negoziazioek 30 urte dituztela, «eta, hala ere, inoiz baino berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen» ditugula. «Ez zaio behar adinako arreta jarri soluzio erreala eskaintzen duten teknologietako inbertsioari», erantsi du.

Glasgowko COP26 bilkuratik zer etor daitekeen galdetuta, ingurumen aholkulariak espero du 2030erako helburuak adostea «eta agindutako finantziazioa benetan beteko dela eskaintzea». Aipatzen duenez, «ekintza promesa garrantzitsu asko egin dira Glasgowen», baina herrialdeek agindu dutena betetzea da gakoa, «sektore pribatuari epe luzera karbonoan oinarritutako ekonomian etorkizunik ez dagoenaren» mezua helaraziz.

Adituak gogoratu du, bestalde, garapen bidean dauden nazioen egoerari ere erreparatu behar zaiola «eta finantziazioaren eta teknologiaren bidez lagundu, hazkunde berderako trantsizioa egiteko».

«Gogora dezagun Lurrean ez dagoela oparotasuna lortu duen nazio bakar bat, industrializazio eta kutsadura prozesu batetik igaro gabe», planteatu du.