GAUR8 - mila leiho zabalik

«Mugarik gabeko emozioak», esperimentu soziologiko batean oinarritutako kanpaina

«Mugarik gabeko emozioak» kanpaina jarri du abian Nafarroako Gobernuak esperimentu soziologiko baten emaitzak erakusten dituen sopt batean oinarrituta. Iragarkian, kultura ezberdinetatik etorritako sei nafarrek hitz egiten dute, sentimenduek eta emozioek pertsonak konektatzen dituztela erakutsiz.


Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak esperimentu soziologiko batean oinarritzen den kanpaina bat jarri du abian, “Mugarik gabeko emozioak” lelopean. Mezuaren euskarri nagusia 50 segundoko spot bat da. Jatorri ezberdinetako sei lagunek beren sentimenduei eta emozioei buruz hitz egiten dute zuzenean elkar ikusi gabe, kultura ezberdinetatik etorri arren sentipenen arloan zein hurbil dauden erakusteko.

«Sentimenduek eta enpatiak» aurrera egiteko duten balioa frogatzea izan da ariketa horren emaitzetako bat, eta horrekin batera, ezaugarri fisikoak eta kanpoko itxurak jokoz kanpo utzita, pertsonen barrura begiratzean estereotipoak eta ‘gu’ eta ‘haiek’ bezalako ideiek zentzurik ez dutela erakustea.

Iragarkia zinema areto nagusienetan hasi da jendarteratzen eta telebistan ikusi ahal izango da, baita beste hedabide batzuetan ere, euskarri ezberdinekin. «Bizikidetza, sentsibilizazioa eta arrazakeria eta xenofobiaren aurkako» borrokak biltzen dituen Nafarroa Koloretan markaren eskutik doa, eta hurrengo urratsa ikastetxeetara heltzea izango da “Eskolak koloretan” izeneko proiektuaren bitartez.

Udalerri ezberdinetako neska-mutilengan heldu eta kulturartekotasunaren eta pluraltasunaren balioak transmititzea izango da helburu nagusia. Horretarako, ikastetxeetan lantzeko tailerra prestatu dute, 10 urtetik gorako ikasleei zuzenduta. Azaldu dutenez, proiektuarekin bat egin nahi duten zentroek migraciones.convivencia@navarra.es posta elektronikoaren bidez jar daitezke kontaktuan antolatzaileekin.

Emozio unibertsalak hizpide

Iragarkiaren inguruan zehaztu dute hiru bikotetan banatuta bildu zituztela parte hartzaileak, sentimenduez, bizipenez eta emozio ezberdinak eragiten dituzten hainbat gairen gainean hitz egiteko. Azaldu dutenez, poza, tristura, ustekabea edota haserrea bezalako emozio unibertsalak izan zituzten hizpide, eta esperimentuak baieztatu zuen pentsa zitekeena baino askoz gehiago zutela amankomunean, «pertsonak gure sentimenduen bidez gaudela konektatuta».

Esperimentuaren emaitzak laburbiltzen dituen ikus-entzunezkoa decolores.navarra.es eta koloretan.navarra.eus webgunetan ikusi ahal izango da.