GAUR8 - mila leiho zabalik

Lanaldi hibridoa, gero eta jarraitzaile gehiago dituen eredu baterako gakoak

Telelana geratzeko heldu dela esan da hainbatetan, eta hobekuntza ugari ekarri ditu, baina ez da eredu perfektua. Zenbait ikerketaren arabera, eredu hibridoa da langile gehienek nahiko luketena. Hala ere, erdiko bide hori hartzeko kontuan hartu beharreko zenbait gako planteatzen dute.

Lanaldi hibridoa ezarri aurretik, aztertzea eta planifikatzea gomendatzen dute adituek. (Getty)

Pandemiaren iritsierarekin, 2010ko martxo hartan, milaka langilek bulegoa utzi eta lanpostua etxean egokitu behar izan zuten. Bulegora itzulita, langile asko eredu hibrido baten alde agertu da, telelana eta bulegoko lana uztartuta. Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC katalanez) adituek gogoratu dutenez, Mikrosoften azterlan baten arabera, sistema hibrido horren alde agertzen dira herritarren %70ek.

Enrique Baleriola UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakaslearen ustez, eredu bien uztarketak «eragozpen asko» konpon ditzake, edo «arindu» behintzat. Manel Fernandez Jaria Ekonomia eta Enpresa Ikasketen irakaslea kolaboratzailearen esanetan, «ideia bikaina da, bi lan ereduen onurak aprobetxatzeko».

Bi espazio eta lan inguruneri eusteak, halere, desabantailak izan ditzake: etxeko bakardadea eta bulegoko jendetzak arazoak sor ditzakete kontzentrazioaren edo produktibitatearen ikuspegitik. Horregatik, eredu hibridoari ekin aurretik aztertzea eta beharren arabera eguneratzea proposatzen dute adituek. Izan ere, aldaketa gauzatu aurretik, «taldeei galdetzea, eredu esperimental bat diseinatzea, denbora batez inplementatzea eta emaitzak ebaluatzea» da Fernandez Jariaren proposamena.

Aditu bien ustez, sozializazioa zaintzea gako garrantzitsu bat da, telelana egiten duten langileen bakardadea saihesteko. Ekonomia eta Enpresa Ikasketetako irakaslearen gomendioa «topaketak, barne sareko lana, tailerrak, prestakuntzak edo erronkak sustatzea» da. Psikologian adituaren ustez, urrutiko lanaren bakardadea arintzeko komeni da «bideo-deiak egiteko konexio tarte bat» hartzea «edo posta elektronikorik gabeko asteko egun bat ezartzea».

Planifikazioa, lehentasunak argitzea

Ereduari probetxua ateratzeko bost gako aipatzen dituzte adituek. Denboraren planifikazioa horietako bat da. «Argi eta garbi interpretatu behar dituzu aurrez aurreko lanean eta urrutiko lanean lehentasunezkoak izango diren zereginak», azaldu du Fernandez Jariak.

Erru sentimenduan ez erortzea da bigarren gomendioa. Hiperkonektibitatearekin lotzen dute, eta asteko egun guztietan edozein ordutan prest egoteko sentsazioarekin. «Zentratu programatuta dauzkazun horretan eta, denbora soberan baduzu, positiboan konpentsatu, denbora librea handitu, merezi duzu eta!».

Etxean lanerako diseinatutako leku bat izatea eta ekipamendu egokia izatea da planteatzen duten hirugarren gakoa, baita malgua izatea ere. Gogoratu dutenez, lan ingurune bakoitzak abantailak eta eragozpenak ditu, eta emaitzak ez dira berdinak izaten.

Bukatzeko, zeregin motak bereiztea da gomendioa. Baleriolak azaldu duenez, ebaluatu egin behar da ea lan bat beste baten aurretik jarri behar den edo egiten ari dena amaitu arte itxaron behar den. Fernandez Jariak, halaber, bakoitzaren «zeregin-blokeak kronotipora» egokitzeaz hitz egin du, eta «arroka-lanak» lehenesteaz. «Lanaldiaren lehen orduek produktibitatearen aldea markatzen» du, gogoratu duenez.