GAUR8 - mila leiho zabalik

Pozalagua Kobazuloko eta Dolomitas museoko bisitaldiak doakoak izango dira Gabonetan langabetuentzat

Egun bereziak dira hauek Pozalagua Kobazuloan eta Dolomitas Antzinako Lantegi Museoan, kobazuloaren aurkikuntzaren urtemuga ospatzen baitute. Horregatik, bisitaldi berezia antolatu dute abenduaren 28rako, harrobiko langileek egin zuten antzera, ilunpeko bisita antolatuz. Gabonetan, gainera, sarrera doakoa izango da kobazuloan eta museoan langabezian dauden lagunentzat.

Pozalagua leizea, Karrantzan. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Egunotan Karrantza Haraneko Pozalagua kobazuloaren aurkikuntzaren 64. urteurrena ospatzen da. 1957. urteko abenduaren 28an aurkitu zuten kobazuloa, dolomita minerala ateratzen zuen Donosa harrobian eginiko leherketa baten ondorioz. Aurten, urtemugarekin bat eginez egun horretan bertan «FlashBack bisita» izango dela iragarri dute, eta berri gehiago dakar Gabonetako plangintzak, egunotan sarrera doakoa izango baita langabezian dauden pertsonentzat.

Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua bikoitza da, batetik denboran atzera egitea eta harrobiko langileek kobazuloa aurkitzean esperimentatu zuten hura berreskuratzeko aukera ematea da asmoa, eta horren ondoan, doako bisitak eskaintzea une zail hauetan lanik ez duten herritarrentzat.

«Flashback bisita» ilunpetan egiten den ibilaldia da. Bisitariak hurreko linterna batekin sartuko dira kobazuloan, duela sei hamarkada baino gehiago harrobiko langile haiek izan zuten esperientziara hurbiltzeko.

Dolomitas Antzinako Lantegi Museoa industria ondareari lotuta dago. Pozalagua kobazuloaren ondoan kokatuta, Donosa harrobiak dolomia minerala ustiatzen zuen. Minerala harrobia eta lantegia lotzen zituen hiru kilometro inguruko aireko tranbia baten bidez erauzi eta Anbasaguas auzoraino eramaten zuten, bertan zeuden labeetan Bizkaiko Labe Garaientzako lauza erregogorrak ekoizteko.

2002tik deskarga tokia Ondare Kulturala izendatuta dago.

Lanbideren agiria

Bisitaldiak egiteko aurretik eman behar da izena Kobazuloen webgunean, eta langabezian dauden pertsonen kasuan, Lanbideren agiria eskatuko zaie. Pozalaguaren kasuan, abenduaren 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2,4,5,7,8 eta 9an egingo dira bisitaldiak, 11.00etatik 18.00etara, kontuan hartuta azken ibilaldia 17.00etan hasten dela.

Dolomitas museoan, bisitak urtarrilaren 2, 8 eta 9an izango dira. Larunbatetan, 11.00etatik 214:00 etara eta 16.00etatik 18.00etara zabalzten du, eta igandeetan, 11.00etatik 14.00etara.