GAUR8 - mila leiho zabalik

Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso du Francesc Monrabalek neutrionikaren inguruko proiektua garatzeko

Francesc Monrabal Ikerbasque ikerlariak 1,5 milioi euroko Europako laguntza jaso du «GanESS» proiektua garatzeko. Helburua neutrino-detektagailu berri bat sortzea da, ondoren Suedian eraikitzen ari diren espalatzeko Europako iturrian instalatzeko.

Francesc Monrabal fisikan doktorea Canfranc-eko laborategian, NEXT detektagailua erabiltzen (Javier LARREA | Ikerbasque)

Monrabal Ikerbasque ikerlaria Donostia International Physics Centerren (DIPC) garatzen ari den proiektuak Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC Starting Grant) ospe handiko diru laguntza jaso berri du. 1,5 milioi eurokoa da zientzialari gazte bikainei ematen zaien laguntza hori, «beren ikerketa-lerro berritzaileak abian jarri eta gara ditzaten».

Finantzaketa horri esker, datozen lau urteetan «GanESS» (Gaseous detectors for neutrino physics at then ESS) izeneko proiektua garatzeko aukera izango du. Helburu nagusia neutrino-detektagailu berri bat sortzea da, gerora Suediako Lund-en eraikitzen ari den Europako Espalazio iturrian (ESS) instalatzeko.

Lehentasunezko ikerketa ildoetako bat

Ikerbasquek nabarmendu duenez, neutrionika Lakuako Gobernuaren «IKUR» estrategiaren lehentasunezko ikerketa ildoetako bat da. Laguntza, beraz, «bultzada handia» suposatzen du partikulen fisikaren arlorako, baita DIPCentzat eta EAErentzat ere.

Ikerketa zentroak azaldu du «ERC Starting Grant» deialdiaren helburua gazteen talentua garatzea dela, ideia berritzaileak garatu eta ikerketa talde propioak sortzea ahalbidetuz. Horregatik, deialdi lehiakorra izaten dela gogoratu dute. Horren erakusle dira azken deialdiaren datuak, 4.000 proposamenetik gora jaso baitira, eta 397 izan dira aukeratuak.

Francesc Monrabalen ibilbideaz, partikula-detektagailuen munduan eta neutrinoen detekzioan egindako lan oparoa nabarmendu dute Ikerbasquetik. Balentziako Unibertsitatean fisikan lizentzia eta doktorea, «bere doktorego lana NEXT proiektuan burutu zuen Juanjo Jose Gomez-Cadenas irakaslearen gidaritzapean, eta horretan zebilela, beta bikoitza deituriko desintegrazioa detektatzeko presio handiko xenon kameren teknologiaren bideragarritasuna frogatu zuen».

2019. urtetik Ikerbasque Research fellow ikerlaria da DIPCn, eta partikulen fisikako instrumentazio taldeko liderretako bat.

Ikerketa zentroak azaldu duenez, neutrinoak ezagutzen ditugun partikula elementalen artean bereizienetakoak dira. «Ez dute ia masarik, ezta karga elektrikorik ere; ondorioz, ez dute ia elkarrekintzarik eragiten inguruan eta ezaugarri horiengatik oso zaila suertatzen da detektatu eta aztertzea», zehaztu dute.

«Neutrinoak hautematea zeinen zaila den uler dezazuen, nahikoa da jakitea gure gorputzetik uneoro ehun bat milioi neutrino igarotzen direla zentimetro karratuko eta segundoko, eta hala ere, horietako bakarrak ere ez duela gure gorputzarekin elkarrekintzarik izango bizitzan zehar», azaldu Monrabalek.

Komunitate zientifikoak interes handia du arloan, ikerketaren emaitzek hainbat adarretan duten garrantziagatik. Horren inguruan, Ikerbasquek azaldu du «neutrinoa bere antipartikula propioa izan litekeen partikula bakarra» dela. «Ezaugarri hau egiaztatuz gero, fisika modernoan erantzutear dauden oinarrizko galderetako baten gakoa izan lezake bere baitan, Unibertsoaren sorrera bera azaltzeko balio lezakeena».