GAUR8 - mila leiho zabalik

Eskolaren digitalizazioak ekarritako onurak eta arriskuak zehaztu ditu azterlan batek

EHUko ikerlari talde batek pandemiarekin Lehen Hezkuntzak bizi izan duen digitalizazio prozesua aztertu du Estatu mailan. Ondorioztatu du teknologia berriek onurak ekarri dituztela, baina baita kezka sortzen duten arriskuak ere, besteak beste, arrakala digitalaren inpaktua aipatuz.

Irudian, Maialen Garmendia eta Carmelo Garitaonandia EUkids Online ikerketa taldeko adituak. (EHU)

EUKids Online UPV/EHU ikertaldeak Estatu mailako ikerketa bat burutu du pandemia hasi zenetik Lehen Hezkuntzan egiten den gailu teknologikoen eta onlineko plataformen erabilera aztertzeko. Zehazki, osasun krisialdia hasi zenetik hezkuntza ziklo horretako irakasleek bizitako esperientziak bildu dituzte, eta ondorioztatu dutenez, aldaketa teknologia erabat erabakigarria izan da irakaskuntzan, baina onuren ondoan kontuan hartu beharreko zenbait arrisku mahaigaineratu ditu.

Ikerlariek azaldu dutenez, konfinamendua ezarri zenean, oso egun gutxitan onlineko ikaskuntzara igaro behar izan zen, eta jauziak agerian utzi zuenez, «ez zeuden informazioaren teknologiak erabiltzeko prest».

Ikerketak baieztatu du egoerak irakasleen artean «jakin mina» piztu eta «teknologia digitalak erabiltzeko gaitasunak eskuratzeko» interesa areagotu zuela, baina era berean, egoera berria «gainditu beharreko erronka» da zenbait irakaslerentzat.

Baliabide teknologikoen erabilerak ekarritako onuren ondoan, ikerketan oinarritutako txostenak arazo larri batzuk aipatzen ditu, eta horien artean «baliabide falta dela-eta» zenbait familiatan detektatu duten arrakala digitala nabarmentzen du.

Adituen esanetan, alfabetatze digitalean dauden gabezia horiek «ondorio negatiboak» izan ditzakete ikaskuntza prozesuan. Diotenez, irakasleak beste aukera batzuen bidez gabeziak arintzen saiatzen badira ere, «zenbait ikasle informazioaren teknologietako hezkuntzarako duten eskubidea galtzen ari dira».

Internetek eskaintzen duen soziabilitate espazioan ikasleen artean sor daitezkeen liskarrak detektatutako beste arazoetako bat da. Ikerlanak adierazten duenez, irakasleen partetik jarrera proaktibo bat bultzatu arren eta liskarrak oinarri hartuta hezkuntza dinamikak proposatzen badituzte ere, haurren onlineko hezkuntzan familiek inplikatuago egon behar dute.

Era berean, sortzen diren bizikidetza arazoei eta adingabeen zibersegurtasunari begira, gurasoek onlineko jarduerak gehiago gainbegiratu behar dituztela aipatzen dute azterlana garatu duten adituek.

Wifi sare egonkorra eta mantentze zerbitzu azkarra

Onuren artean, bestalde, teknologia berriek ikaskuntza autonomoago bat garatzeko eta ikasle bakoitzaren gaitasun eta betebeharretara egokitutako eskaintza emateko zabaltzen dituzten aukerak nabarmentzen dituzte profesionalek, baita «ikerketa prozesuak sustatzen dituzten ikaskuntza metodo berriak ezartzeko» ere.

Azterlanean, profesional batzuek beren irakaskuntza ohiturak aldatu direla onartzen dute, eredu tradizionaletik aukera berrietara egokitu ondoren, baina azterlanak ohartarazten duenez, «beste zerbitzu osagarri batzuk behar dira, hala nola wifi sarearen egonkortasuna, kableen egoera optimoa eta mantentze lanen zerbitzu azkarra».

Familiekin mantendu beharreko harremanetan ekarritako onurak ere aipatzen dituzte. Teknologiei esker, zehazten dutenez, «errazagoa eta malguagoa da» familiekin dagen komunikazioa, bilera mistoen bidez.