GAUR8 - mila leiho zabalik

Neskak zientziarekin txikitatik liluratzea, hezkuntzaren erronketako bat

Bihar egingo den Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Egunaren harira, bokazioak eskolako lehen etapetatik bultzatzearen garrantzia azpimarratu dute adituek, txikitatik hautematen baitute zientziak haiekin zerikusirik ez duela.

Zientzia eta teknologian nesken bokazioa pizteko, eskolako lehen etapetan eragiteak duen garrantzia azpimarratzen dute adituek. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bihar zazpigarrenez ospatuko da Nazio Batuek otsailaren 11n ezarritako Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna, azken urteetan garrantzi handia hartu duen erronka, nesken artean bokazio zientifiko eta teknologikoak bultzatzea, erdigunean jarriz.

EHUk gogoratu du nesken artean zientziarekiko bokazioa bultzatzeko hainbat ekimen sustatzen badira ere, datuak «poliki mugitzen» direla arlo horretan. Esandakoaren arabera, unibertsitatean lehen mailako ikasleen %56,3 neskak dira; Zientzien arloan %55,6 dira, iaz baino 4,35 puntu gehiago, eta 2017-2018 ikasturtearekin alderatuta, puntu erdi bat altuago. Arkitekturan, erantsi dutenez, nesken kopuruaren igoera pasa den ikasturtean baino puntu bat gehiagokoa da, eta 5,5 puntu handiagoa duela hiru urteko datuekin konparatuz.

Errealitate horren atzean oso txikitatik eraikitzen diren estereotipok daude, adituen arabera. Marta Macho EHUko Matematikako irakasle eta zientzia-dibulgatzaileak azaldu duenez, «arazoa ez dago azkenean 15 edo 17 urte dituzunean, erabakia hartzeko unean. Neska txikiak direnetik hasten den gaitzespena da; beraiekin zerikusirik ez duen zerbaiten gisa hautematen dute zientzia».

Neska eta mutilen artean egindako ikerketak aipatuta, adingabe gehienek zientzialariak «bata zuridun gizonezko oso argi eta arraro samarrekin» eta «lanean bakarrik aritzen direnak» identifikatzen dituztela gogoratu dute. «Laborategiko ‘superman’ modukoak dira. Neskak ez dira irudi horrekin identifikatzen», azaldu dute David Millerrena bezalako ikerketek erakusten duten emaitzak gogoratuta.

Machoren ustez, neskatoak txikitatik matematikekin eta zientziarekin liluratzea da gakoa, eta bidea eskolako lehen etapetan STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika ingelesez) irakaskuntza hobetzea eta genero-ikuspegitik egitea izan daitekeela planteatzen du.

Murtziako Unibertsitateko 2020ko azterlan baten emaitzak ekarri dituzten gogora, STEM irakaskuntzan zentratuta, lanak ondorioztatu baitzuen irakasle gehienek trebakuntza hobetu beharra aipatzen zutela, baita baliabide gehiagoren beharra ere «irakasgai horiek eskolan behar bezala emateko». Lana burutu zuten espezialistek genero-ikuspegia kontuan hartzeko beharra aipatu zuten.

STEAM laborategi berri bat Bilbon

Ildo horretatik doa Bilboko Hezkuntza Fakultateak 2021ean estreinatu zuen STEAM (arteko eta diseinuko diziplinak gehituta) laborategi berria, nabarmendu dute EHUtik, xedea zientzia eta teknologiako etorkizuneko irakasleen prestakuntzan sakontzea baita.

«Laborategiaren helburua da gure ikasleek ikasle gisa bizitzea trebakuntza jarduerak, baina, aldi berean, etorkizunean irakasle izatean jarduera horiek erabiltzeak emango dizkien aukerak aztertzeak emango dizkien aukerak aztertzea», azaldu du Ainhoa Berciano Alcaraz Berrikuntza, Kalitate, Jasangarritasun ea Ikerketako dekanordeak.

Nabarmendu dutenez, laborategiak arreta handia jartzen du genero ikuspegian. «Funtsezkoa da genero ikuspegia STEAM irakasgaietan aplikatzea, baina ez horietan bakarrik, baita gure graduetako gainerako irakasgaietan ere; izan ere, ikasgelako kudeaketa osoan ikuspegi hori txertatzen dugu, ikasgela osoa partaide eta protagonista izan dadin bermatzeko», azaldu du.