GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUk bere komunitateari bota dion erronka: 1.000 tona CO2 murriztea

EHUk bere komunitate osoari zuzendutako erronka jarri du abian, bizi-ohiturek eragiten duten CO2 mila tonatan murriztea. Gakoa eguneroko ekintzetan dago, eta The Planet App mugikorreko aplikazioa izango da emaitzak neurtuko dituen tresna.

Ibaetako Campusa, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

The Planet App-rekin lankidetzan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere komunitateak kliman zer inpaktu duen ezagutzea eta hori murrizteko proiektua jarri du abian. Horren tresna nagusia karbono-aztarna zehazten duen aplikazio mugikor bat da, eta erronka bat planteatzen du, unibertsitate-komunitate osoari zuzenduta dagoena: 1.000 tona CO2 gutxiago isurtzea.

“Campus” atarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, urteko 210.000 tona CO2 ingurukoa da unibertsitate-komunitate osoaren bizi-ohiturekin lotutako karbono aztarna. Kalkulua EHUko Iraunkortasuna eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak egin du, unibertsitateko jardueretan egindako emisioak, «etxeko klimatizazio eta elektrizitate sistemarenak, ibilgailu pribatu eta publikoko bidezko garraioarenak, elikadurarenak eta beste produktu eta zerbitzuen kontsumoarenak» kontuan hartuta.

Gogoratu dutenez, ekintza sinpleek murriztu dezakete emisio horiek klima-aldaketan duten eragina. Testuinguru horretan kokatu dituzte campusera joateko zer garraiobide aukeratzen den edo tokiko produktuen kontsumoa bezalako keinuak. Ohitura horiekin lotuta dago, hain zuzen ere, komunitate osoari 1.000 tona CO2 murrizteko erronka.

«Bizimodu iraunkorra izateko erronka»

Komunitate osoaren inplikazioa bilatzen duen ekimena da, eta planteatzen duen lehen urratsa The Planet App mugikorrerako aplikazioa deskargatzea da. EHUren kodea sartuta, aplikazioak zehaztutako urratsak jarraitu behar dira.

«Maila pertsonalean karbono-aztarna murrizten espezializatutako aplikazioa da», azaldu dute. Erabileraren osagarri gisa, klima-aldaketaren jatorriari eta ondorioei buruzko informazioa emango da ohiko sare sozialen bidez.

Zehaztutakoaren arabera, sariak izango dituzte aplikazioan puntu gehien lortzen dituzten parte hartzaileek, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta horren aurreko sentsibilizazioan aritzen diren erakundeen aldetik.

Erronkak iraun bitartean, Agenda 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuen gaineko informazioa landuko dela aurreratu dute, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea edota hiri eta komunitate iraunkorrak bezalako gaietan sakonduz.