GAUR8 - mila leiho zabalik

Klima-aldaketa eta arriskuen komunikazioari buruzko online tailerra egingo dute 23an eta 24an

Klima-aldaketak dakartzan arriskuen gaineko komunikazioari buruzko online tailerra antolatu dute EHUko Gasteizko Campusean, hilaren 23 eta 24rako. Ekimena «klima arrisku eta aldaketa natural eta induzituen kudeaketari» buruzko komunikazioan aritzen diren lagunei zuzenduta dago, baina gaian interesa duten guztiek jarrai dezakete.

Zadorra ibaiak gainezka egin zuen abenduko euriteen ondorioz. (Endika PORTILLO | FOKU)

Estatu osoko hainbat adituk klima arriskuen kudeaketaren gaineko komunikazioa aztertuko dute aste honetan Gasteizen. Goizean zehar ospatuko diren bi jardunaldi izango dira, Estatu espainoleko Geografia Elkarteak EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailarekin elkarlanean antolatuta.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimena «klima arrisku eta aldaketa natural eta induzituen kudeaketari buruzko gizarte komunikazioan inplikatuta dauden edo interesa duten» lagunei zuzenduta dago.

Saio biak 23an eta 24an ospatuko dira Arabako Campuseko Letren Fakultateko Areto Nagusian, eta esteka honen bidez online jarraitu ahal izango dira.

Arriskuen kudeaketaren gaineko hitzaldiak zabalduko du egitaraua asteazkenean, 10.00etan, Universtitat d´Alacant-eko Jorge Olcina Cantosen eskutik.

Aditue ezberdinen haurnarketak jasoko dira bi orduko iraupena izango duen lehen bloke horretan, eta «pertzepzioa arazoak», ibaien gaineko «mito faltsuak» edota uholdeetako kudeaketa bezalako gaiak jorratuko dituzte. Jarduera eztabaida batekin itxiko da.

Ostegunean, “Arrisku-lurralde erresilenteak, nola heldu klima-aldaketari lurralde-inteligentziaz” hitzaldiak zabalduko du jardunaldia, 10.00etan.

«Prozesu eta arrisku bolkanikoak», aldaketa-klimatikoan hezteko dibulgazio zientifikoak jokatu behar duen rola edota denboraleak egun horretan jorratuko diren gaietako batzuk izango dira.

Jardunaldiek Estatuko puntu ezberdinetako unibertsitateetako zortzi adituren mezuak bilduko dituzte.