GAUR8 - mila leiho zabalik

Iraunkortasunari buruzko ikus-entzunezko hiztegia argitaratu dute

Garapen iraunkorrarekin lotutako kontzeptu garrantzitsuenak deskribatzen dituen ikus-entzunezko hiztegia kaleratu du EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak. Audio eta bideo formatuan, kontzeptu berrien definizioak jaso ditu, «modu zorrotz eta argian uler daitezen».

KLima-aldaketari buruzko saio bat EHUko Uda Ikastaroetan, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroek «Iraunkortasunari buruzko ikus-entzunezko hiztegia» argitaratu dute. Gaiarekin lotuta «maiz aipatzen diren kontzeptuak ikasi behar izan eta ulertu nahi dituzten guztiei» zuzenduta, lanak eremu horretan sartu diren kontzeptu berriak jasotzen dituela zehaztu dute.

Arloko hainbat adituek landutako definizioak jasotzen dituen baliabidea Donostia Sustainibility Forum (DSF) plataforman dago, herritarrek parte hartu eta zabaltzeko helburuarekin. Izan ere, gogoratu dute gazteak eta profesionalak laguntze aldera, «iraunkortasunari buruzko eztabaida sozialak zabaltzea eta iraunkortasunari buruzko eduki zientifikoak eskaintzea» DSF-ren helburu nagusiak direla.

Hiztegia bost ardatzen inguruan egituratuta dago: Ekosistemak eta baliabide naturalak; Elikadura, osasuna eta tokiko garapena; Energia, mugikortasuna eta hiriak; Enpresa iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra eta Ingurumen komunikazioa eta hezkuntza.

Hiztegiaren ondoan, DSF-k bultzatzen duen GazteON ekimena aipatu dute, gazteek gazteentzako sortutako edukiak biltzen dituena. Atal horretan, bi gazte Gipuzkoako mapa interaktiboa garatzen ari dira, eta «ikertzaile gazteekin albisteak eta elkarrizketak biltzen dituen ingurumen egutegi bat».

Erreferentziazko ahotsen hitzaldiak

Iraunkortasunerako Elkarrizketak, forumaren beste jardueretako bat dira. Arloko erreferentziazko adituen hitzaldien bidez erronka berriak aztertu eta hausnarketa eta parte hartzea bultzatzeko. Zehaztu dutenez elkarrizketa horiek eskuragarri daude plataforman.

Itziar Alkorta Uda Ikastaroak programako zuzendariaren hitzetan, «iraunkortasunaren aldeko ahalegin kolektiboa partekatzen» laguntzen dute ekimen horiek.

Emandako datuen arabera, parte hartze esanguratsua izan du, azken bi urtetan 6.242 lagun igaro baitira DSF-ren esparruan, urteko 25.000 pertsona iritsi dira plataformaren bidez eta eta 412.000 pertsonak jarraitu dute sare sozialetan.

Iraunkortasunarekin lotutako gaiek, bestalde, gero eta pisu gehiago dute Uda Ikastaroetako programan, azken bi edizioetan 69 ikastaroren muina izatera helduz.