GAUR8 - mila leiho zabalik

«Descartadas»: El Salvadorreko adineko emakumeen egoera, hamar erretratutan

Iruñeko Emakumeen Etxean «Descartadas» erakusketa dago hilaren amaiera arte. El Salvadorreko adineko emakumeei eskainia, ahanzturaz eta bizitza osoa zaintzari eman dioten horien aktibismoaz hitz egiten duten erretratuak dira.

«Descartadas» erakusketaren inguruko irudia. (GAUR8)

Martxoaren 31ra arte Iruñeko Emakumeen Etxean “Descartadas” izeneko erakusketa ikus daiteke, El Salvadorreko landa-eremuetako adineko pertsonen erretratuetan zentratuta, emakume aurpegia duten erretratuek osatzen duten bilduma.

Aste honetan inauguratu den erakusketa Herrien arteko Laguntzarako Nafarroako Erakundeak (ONAY) eta Tau Fundazioak antolatu dute.

Irabazi asmorik gabeko argazki-kazetaritza proiektu baten baitan, erakusketak agerian uzten du El Salvadorren adineko lagunek bizi duten pobrezia eta kalteberatasun egoera.

Emakume aurpegia duen arazoaz hitz egiten dute erakusketa osatzen duten hamar erretratuek eta istorioek. Testuinguru askotan ematen diren abandonua eta genero-arrakala daude egoera horietako askoren atzean.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, El Salvadorren emakumeen bizi-itxaropena gizonena baino zortzi urte luzeagoa da. «Horrek ez du esan nahi, ordea, bizirauteko baldintzak hobeak direnik. Aitzitik, emakume jaiotza hutsak gizonekiko desberdintasun-arrakala sakona markatzen duten inguruabarrak ezartzen ditu».

Ezberdintasun horiek are nabarmenagoak dira adinak aurrera egin ahala: «pentsio eta soldata txikiagoak, pentsio baxuagoen sistemaren estaldura eskasagoa, osasun-zerbitzuak eskuratzeko oztopo gehiago, jabetza-eskubidean gizonen aldeko ezberdintasuna eta analfabetismo-tasa handiagoa».

Seme-alaben abandonua eta indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasateaz gain, askotan etxeko eta familien kargei bakarka aurre egin behar izaten diete adineko emakume askok. Askotan, gainera, seme-alaben eta biloben mantenuaz eta zaintzaz arduratu behar dira, gaixo dauden edo desgaitasunen bat dutenen zaintza barne.

Marc Espinen ikerlana

Erakusketak “Descartados” liburuan agertzen diren adineko emakume aurpegien eta istorioen aukeraketa bat jasotzen du, Marc Espin kazetari eta Bartzelonako irakaslearen ikerlanean oinarrituta.

Zehaztu dutenez, 60 urtetik gorako lagunen dozenaka etxe bisitatu ditu 2016. urteaz geroztik, herrialdeko ekialdean, 15 landa-komunitatetan.

Lana El Salvadorreko hiru erakunde biltzen dituen ekimenaren emaitza da: CORDES Fundazioa, Hirugarren Adinekoentzako Landa Elkartea (ARTE) eta Adinekoen Duintasunerako Kolazio Nazionala, eta Rigoberta Menchu Bakearen Nobel Sariaren babesa du.

Europa eta Erdialdeko Amerikatik ibili ondoren, Iruñean martxoaren bukaerara arte egongo da, eta hilaren 9tik 11ra El Salvadorreko liderretako bat den Emilio Espinen bisita izango du Iruñeak. Hilaren 9an, Convive Oskia zentroko erabiltzaileekin bilduko da, eta 10ean, “Descartados” liburua aurkeztuko du San Jorge Liburutegian, 20.00etan.