GAUR8 - mila leiho zabalik

Historiaurreko artzainen ohiturak hormonen biomarkatzaileetan irakur daitezke

EHUko METABOLOMIPs taldeko ikertzaileak Neolitikoko abeltzaintza nolakoa zen aztertzen ari dira kobazuloetan erre gabe geratu ziren sedimentuetako behazun-azidoak eta hormonak biomarkatzaile gisa erabilita.

EHUko METABOLOMIPs taldeko ikerlari bat El Mirador kobazuloan laginak hartzen. (EHU)

EHUko ikertzaile talde batek historiaurrean gizakiek erabilitako kobazuloetako metaketetako behazun-azidoak eta hormonak erabili ditu biomarkatzaile gisa, Neolitikoko artzainen ohiturak argitzeko. Era horretara, antropologoen hipotesiak berretsi eta kobazuloa arditegi gisa erabiltzen zutela eta ardi ernariak eta esneko arkumenak artaldetik bereizten zituztela ondorioztatu dute.

Neolitikoan, nekazaritza eta artzaintza sortu eta orokortu ziren garaian, ukuiluak kobazuloetan eta babesleku harritsuetan egoten ziren, eta tokia garbitzeko, ohikoa zen haitzuloan bertan pilatutako simaurra erretzea. Erreketa horren ondorioz, ‘fumier’ izeneko metaketak sortu ziren, sedimentu organiko eta mineralen hainbat geruzaz osatuta daudenak.

Erre gabe geratu zen simaur-geruza horien behazun-azidoak aztertuta hainbat informazio lortu dute ikerlariek orduko artzaintzaz. Era horretara jakin dute zer animalia espezie gordetzen zen, espeziearen arabera ondar horien konposizioa ezberdina baita.

Hartutako lagin horietan oinarrituta, EHUko METABOLOMIPs taldeko ikertzaileek biomarkatzaile hormonalak hasi dira erabiltzen, orduko artaldeak nola kudeatzen zituzten ulertzeko. Asier Vallejo EHUko doktoreak argitu duenez, hormona-proportzioak ezberdinak dira ardiak ernari, edoskitzaroan edo beste egoeraren batean daudela.

Ikertzeko sistema horrekin Atapuercako mendilerroko El Mirador kobazuloan egin dute azterlana. Bertan animalia-hezur asko aurkitu dituzte, baina haitzuloaren alde zehatz batean arkume hezur gehiago zeuden. Artaldea banatzen zuten susmoa zuten antropologoek.

Kimika Analitika Saileko zientzialariak hormonen biomarkatzaileak bilatzen hasi ziren, alde batzuetan aktibitate hormonala handiagoa zen jakiteko, «eta halaxe izan zen», azaldu du ikerketaren egile nagusia den Vallejok.

Ideia berritzailea

Zehaztutakoaren arabera, metodo analitikoak ez dauka berezitasun handirik, baina «ideia berritzailea izan da. Hormonen biomarkatzaileak aztertzen diren lehen aldia da duela 6.000-7.000 urteko abeltzainek artaldeak nola kudeatzen zituzten aurresateko», agertu du Vallejok.

Ikerlariak esplikatu du behazun-azidoen analisiek besteak beste artaldeen tamaina ere erakusten dutela: «zenbat eta behazun-azido gehiago egon, orduan eta abelburu gehiago». Hala ere, ondorio gehiago atera daiteke. «Simaurretan aurkitzen dugun progesterona-kontzentrazioa normalizatzeko erabiltzen dugu. Artaldea handia bada, progesterona-maila ere handia izango da; baina artaldea txikia izanik progesterona-maila handia bada, horrek esan nahi du kobazuloaren alde horretan ernari eta edoskitzaroan zeuden ardiak kokatzen zituztela», esan du ikerlariak.

Arkeologoekin kontrastatuta, ikerlanak haien hipotesiak berretsi ditu. Orain, biomarkatzaile zehatzagoak bilatzeko lanak aurrera jarraitzen du, adibidez babeslekuetan zer animalia-mota ukuiluratzen zuten jakiteko, «askotan animaliak nahasita egoten baitziren, eta kasu batzuetan ez baita erraza animalia horren biomarkatzaileak elkarrengandik bereiztea», eta animalien egoera hormonala zein zen jakiteko.