GAUR8 - mila leiho zabalik

Nano-Istorioen lehen lehiaketa, mundua eskala nanometrikoan irudikatzeko parada

CIC nanoGUNEk Nano-Istorioen lehen lehiaketa antolatu du 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Gehienez 200 hitzetako idazlan, kanta edo olerkia izan daiteke.

CIC nanoGUNE ikerketa zentroak Nano-Istorioen lehiaketa antolatu du lehen aldiz. (CIC nanoGUNE)

“10alamenos9” Nanozientzia eta Nanoteknologia Jaialdiaren VII. edizioaren barruan, CIC nanoGUNE ikerketa zentroak Nano-Istorien lehiaketa antolatu du lehen aldiz. Ekimenak hezkuntza-komunitatean nanomunduarekiko interesa sustatzea du helburu eta, horregatik, gazteei zuzenduta dago.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleei eta «munduko edozein tokitako gazte euskaldunei» zuzenduta dago proposamena, «2021eko abenduaren 31n, 14 eta 17 urte bitarteko gazteak badira bederen».

Gehienez 200 hitzetako istorioak aurkeztu behar dira, euskaraz edo gaztelaniaz. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkez dezake, eta gaiari dagokionez, baldintza nagusia nanozientziarekin edo nanoteknologiarekin lotuta egotea da, edozien generotan. Abentura-kontakizunak, zientzia-fikzioa edota kontakizun sozialak izan daitezke, besteak beste. Idazlanez gain, olerkiak edo abestien letrak ere onartuko dira.

Lehiaketak bi fase izango ditu; lehenengoa EAEri dagokiona da, eta Eureka Zientzia Museoaz gozatzeko bi lagunentzako pack bat izango da saria. Zehaztu dutenez, ikastetxearen bidez izena eman badute, hurrengo ikasturtean nanoGUNE bisitatzeko aukera ere izango dute.

Bigarren fasea nazioarte mailakoa izango da, eta egoitza bakoitzeko kontakizun saridunak lehiatuko dira. Azken saria tablet bat izango da. Bi kategoriatan banatuko dira lanak adinaren arabera, 14 eta 15 urte bitartekoen lanentzat bat, eta 16 eta 17 urte duten parte hartzaileentzako beste bat.

Parte hartzeko, lanak PDF batean eta ezizen batekin aurkeztu behar dira, maiatzaren 20a baino lehen. Lehiaketaren oinarrien inguruko informazio guztia eskuragarri dago nanoGUNEren webgunean.