GAUR8 - mila leiho zabalik

Bilboko Ingeniaritza Eskolak erabat elektrikoa den bere monoplaza berria aurkeztu du

Bilboko Ingeniaritza Eskolan eraikitako hamaseigarrena da Bilbon aurkeztu berri duten monoplaza berria. Erabat elektrikoa da eta hiru segundo eskasetan 110 kilometro orduko abiadura har dezake. Udatik aurrera, Formula Student unibertsitateen arteko lasterketetan lehiatuko da.

Formula Student Bizkaia taldeko partaideak, FSB2022 monoplaza berriaren aurkezpenean. (EHU)

“Formula Student Bizkaia” irakaskuntza proiektuaren barruan, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek monoplaza baten diseinua eta fabrikazioa garatzen dute urtero. Aurtengoa hamaseigarrena da eta berrikuntza tekniko handiekin datorrela aurreratu dute. Ibilgailua erabat elektrikoa da eta hiru segundo eskas behar ditu gehienezko abiadura hartzeko, 110 kilometro orduko.

“FSB2022” izena du monoplaza berriak. Diziplina anitzen arteko elkarlanaren emaitza da. Izan ere, mekanika, elektronika eta kontrola eta materialak dira proiektuan parte hartzen duten ezagutza arloak, baina ez bakarrak.

Proiektua garatzen duen taldea 86 ikaslek eta hiru irakaslek osatzen dute. Ibilgailu berriaz, «azken urteetan egin duen jauzi teknologikorik handiena» dela nabarmendu dute. Hasteko, motor teknologia berritzailea gurpilean duen lehen monoplaza da.

Azaldu dutenez, gurpil bakoitzean prestazio handiko motor bat jar daiteke, lehiaketetan baimendua dagoen 80 kW-eko potentzia maximoa garatzen duena. Horren ondoan, ibilgailuak daraman trakzio teknologia berritzailea nabarmendu dute.

Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza eredu horretan, Formula Student Bizkaia egitasmoak enpresa baten moduko antolakuntza egitura duela azaldu dute. Bilboko Ingeniaritza Eskolak eskaintzen dituen gradu eta masterretako ikasleak dira monoplaza garatzeko proiektuan parte hartzen dutenak.

Monoplaza berria mundu osoko ehun unibertsitate baino gehiagoren aurrean probatzeko aukera izango dute Formula Student izeneko lehiaketetan. Lehenengo hitzordua uztailaren 6tik 10era da FSUKen (Formula Student United Kingdom), eta hurrengoa, abuztuaren amaieran, FSS (Formula Student Spain), Montmeloko zirkuituan.