GAUR8 - mila leiho zabalik

Eozenoaren amaierako klima aldaketaren aurreko erantzun biologikoak, animalien dietan

EHUko paleontologo talde bat Poitierseko Unibertsitatearekin lankidetzan Eozeno eta Oligozenoaren arteko klima trantsizioaren aurrean eman ziren erantzun biologikoak aztertzen ari da, espezien elikadura-estrategia argitu eta inguruneari buruzko informazioa eskuratuz.

Ikerlana gidatzen duen Leire Perales-Gogenola ikerlaria. (EHU)

EHUko ikerlari talde batek desagertutako ugaztun paleoterido generoko espezie baten dieta aztertu du. Plagiolophus-aren elikadura da zehazki aztertu dutena. Sasizaldiak ziren animalia horiek Eozenoaren amaieran zuten elikadura estrategia ikertzea da helburua, baita inguruneari buruzko informazioa eskuratzea ere. Ilkerlanak aurrera jarraitzen du beste espezie batzuekin Eozeno-Oligozeno trantsizioko aldaketaren erantzun biologikoen azterketan sakontzeko.

Zaldiekin antza duen Plagiolophus izeneko espezie hori Europako mendebaldean bizi izan zen Erdi Eozenoaren eta Oligozenoaren hasieraren artean (duela 41 eta 29 milioi urte bitartean), eta Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izan zen klima eta biologia krisian desagertu zen.

EHUko ikertzaileek zehaztu dutenez, gaur egun ugaztun hipomorfoen edo ekuoideoen artean genero bakar bat dago, Equus izenekoa, eta horren barruan zaldi, asto eta zebra espezie batzuk daude, baina Eozenoan (duela 56 eta 34 milioi urte bitartean) askoz ugariagoa zen hipomorfoen aniztasuna.

Leire Perales-Gogenola buru duen EHUko Ornodunen Paleontologia ikerketa-taldeak Europako Plagiolophus horien elikaduran zentratu du Poitierseko Unibertsitateko Gildas Merceron doktorearekin lankidetzan egindako azterlana, «Eozenoko ugaztunen paleodietari buruz eta aro haren amaierako klima eta biologia krisiari buruz argitaratu den osatuenetako bat» dena, nabarmendu dutenez.

Hozte klimatikoaren aurreko estrategiak

Adierazle paleoekologiko eta paleoklimatiko ezberdinetan oinarrituta, adibidez, hortzetako koroaren altuera eta hortzen esmaltearen higadura aztertuta, animalia horiek izan zuten paleodieta argitzeaz gain hozte klimatikoarekin amaitu zen trantsizio hartan espezieen elikadura-estrategietan aldaketarik izan ote zen aztertu dute.

Ikusi dute espeziea oso selektiboa izan zela eta sustraiak edo zuhaitzen azala bezalako material gogorrak saihesten zituela, eta ez da kokapen geografiko, kronologiko edo urtaroarekin lotutako aldaketak ikusi. Ondorioztatu dutenez, duela 34 milioi urte, «litekeena da dieta selektibo hori funtsezkoa izatea Eozeno-Oligozeno trantsizioan bizirik irauteko».

Poitierseko Unibertsitateko Palevoprim laborategiarekin lankidetzan beste paleoterido genero batzuen dieta aztertzen jarraitzen dute. Ikerlana Perales-Gogenolaren doktore-tesiaren proiektuaren barruan dago eta beste paleoterido espezie eta genero batzuk ikertzea eta deskribatzea du helburu.