GAUR8 - mila leiho zabalik

Kolirio pertsonalizatuak sortzeko ikerketan ari dira lanean EHUn

EHUko GOBE ikerketa taldeak azterketa abiatu du, begi lehorraren sindromea tratatzeko kolirio pertsonalizatuak garatzeko. Lanean zentro ezberdinak ari dira parte hartzen.

Arantxa Acera Ikerbasque ikertzailea, irudian. (Fernando Gomez | EHU)

Paziente bakoitzaren begi lehor motari egokitutako tratamendu pertsonalizatuak garatzeko lanean ari dira EHUko GOBE ikerketa-taldean.

Ikertzaileek azaldu dutenez, malkoak egitura eta konposizio konplexuak ditu eta hainbat funtzio betetzen ditu: «begiaren gainazala heze eta lubrikatuta mantentzen dute, patogenoetatik babesten ditu, zauriak orbaintzen laguntzen dute eta begi-gardentasun optimoa egiten dute».

Hala ere, begi lehorraren sindromea pairatzen duten paziente asko dago. «Prebalentzia handia du biztanlerian, batez ere 40-50 urtetik gorako emakumeetan», azaldu du Arantxa Acera Ikerbasque ikertzaileak.

Berez ez da patologia larria baina egunerokoan gogaikarria da. Arazoari aurre egiteko, ohiko tratamenduetan malkoaren ordezkoak erabiltzen dira, besteak beste, hemoderibatuen kolirioak.

EHUko Oftalmo-Biologia Esperimentaleko Taldeak (GOBE) ikerketa jarri du abian kolirio-mota horien konposizioa hobeto ezagutzeko eta «tratamendu pertsonalizatuak ezartzeko, pazientearen begi lehor motaren arabera». Horretarako, kolirioan zer motatako lipidoak dauden eta malkoan aurkitzen diren lipidoekin alderatu dituzte.

Zientzia eta Berrikuntza ministerioaren funtsen laguntzarekin finantzatzen ari den ikerketak zentro askoren parte hartzea du. Izan ere, Basurtuko Ospitaleak, Donostiako Ospitaleak, Oftalmologiako institutu Kliniko Kirurgikoak eta Zaragozako Miguel Servet Ospitaleak hartzen dute parte.

Begi lehor mota ezberdinak

«Begi lehor mota desberdinak dituzten pazienteen malkoaren profil lipidikoa» analizatzea da gakoa, «jakiteko paziente horien zer lipidotan dagoen alterazioa eta zer terapia izan daitekeen egokiena kasu bakoitzean».

Lanaren barruan, plasma aberastu bidezko saiakuntza kliniko bat sustatu du Donostia Ospitaleak begi lehor sekundarioa duten pazienteekin, halako kolirioak osasun sistema publikotik kanpo baitaude.

Acerak nabarmendu duenez, garrantzitsua da ikertzen jarraitzea «sistema publikoan horrelako tratamenduak sartzera iristeko» eta paziente bakoitzaren begi lehorrari egokitutako tratamendu pertsonalizatuen garapenean aurrera egiteko.