GAUR8 - mila leiho zabalik

«Hopper oliaskoerbia» filma estreinatuko dute gaur, Zinema Euskaraz programaren barruan

Zineuskadi elkarteak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programaren barruan, «Hopper oliaskoerbia» filma estreinatuko da gaur Hego Euskal Herriko sei zinema aretotan.

Gaur estreinatuko den «Hopper oilaskoerbiaren kartela, irudian. (Zineuskadi)

Hego Euskal Herriko sei zinema aretok 'Hopper oilaskoerbia' filma estreinatuko dute gaur, Zineuskadi elkarteak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programaren barruan. Ben Stassen eta Benjamin Mousquet zinemagileek zuzendutako film belgikarra da, publiko guztientzat egokia.

Erdi oilasko erdi erbi jaio zen abenturazale baten istorioa kontatzen du filmak: «Ezberdintasunak gorabehera, onartua izateko irrikaz dago Hopper, eta abentura zirraragarri bati ekingo dio Abe zerbitzari leialarekin (dortoka sarkastiko bat) eta Meg arte martzialetan aditua den mofeta ausartarekin, Iluntasunaren Hamster izeneko erlikia diruzalearen bila».

Zineuskadik jakinarazi duenez, 'Ilargirantz', 'Ainbo: Amazoniako gerraria', 'Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk', 'Ama mu', 'DC Supermaskoten Liga' eta 'Unicorn wars' filmen ostean, Zinema Euskaraz programaren aurtengo zazpigarren estreinaldia izango da 'Hopper oilaskoerbia'.

Programaren bidez, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa eta zinemagintzan euskara sustatzea dira Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburuak.

Hurrengo estreinaldia «Gabi», 25ean

Horrela, Donostiako Antiguo Berrin, Bilboko Golem Alhondigan, Iruñeko Golem La Morean, Getxo Zinemak aretoan, Gasteizko Gorbeia zinema aretoetan eta Errenteriako Niessen aretoan estreinatuko da ostiralean 'Hopper oilaskoerbia'.

Datozen hilabeteetan beste film batzuk estreinatuko dira Zinema Euskaraz programaren baitan, hala nola 'Gabi' azaroaren 25ean.