GAUR8 - mila leiho zabalik

Bizkaiko emakume sortzaileen sarea ehuntzeko, BEST topaketak antolatu dituzte

Bizkaiko emakume sortzaileei bereziki zuzenduta, azaroaren 19an BEST topaketak ospatuko dira Bilboko Euskalduna Jauregian. Sarea sortzea helburu duen ekimenean parte hartzeko, izen ematea zabaldu dute. Lehen edizio honetan, Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko pandero-jotzailea eta abeslaria omenduko dute.

BEST topaketen egitarauak Maurizia Aldeiturriagaren irudia hartu du bere lehen edizioan. (BEST)

Bizkaian bizi edo lanean diharduten emakume sortzaileek hitzordu berezi bat dute hilaren 19an Bilboko Euskalduna Jauregian. Haiei bereziki zuzenduta daude BEST topaketak, Zelako Kultur Ideiak elkarteak antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Emakume sortzaileen topaleku izan nahi du hitzorduak, «esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko gunea eraikiz eta ertzetan daudenak erdigunera eramateko aukera paregabea proposatuz».

Aurreratu dutenez, jardunaldiek egitarau oparoa izango dute eta «literatura, musika, zinemagintza eta arte dramatikoan adituak diren emakume ezberdinek hartuko dute parte».

Lehen edizio honetan, gainera, Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko pandero-jotzailea eta abeslari mitikoa omenduko dute.

Hiru mahai-inguru

Hiru mahai-inguruk osatuko dute goizeko programazioa. “Plaza Berriak” izenburupean, Ane Zabala kazetariak gidatuko du zinemagintza eta ate dramatikoa hizpide izango duen lehen solasaldia, Ainhoa Artetxe eta Itziar Atienza aktoreen eta Lara Izagirre zinemagilearen parte hartzearekin.

“Musikarien transmisioa eta misioa” da bigarren mahai-ingurua. Leire Palacios kazetariak dinamizatuko du, eta Maria Rivero eta Ane Martinez musikariek eta Nerea Alberdi konpositoreak hartuko dute parte.

Laura Mintegi idazle eta EHUko irakaslea, Alaine Agirre fisikari eta idazlea eta Lizar Begoña idazlea bilduko ditu hirugarren mahai-inguruak “Erreferenteak literaturan” izenburupean.

Ane Lindane bakarrizketariak itxiko du lehen bloke hori, solasaldietan sortutako ideiak, esperientzia eta gogoetetan oinarritutako umore saio batean.

Arratsaldean, poesia errezitalak, kontzertu akustikoak eta bi antzezlan izango dira: “Igaro” lanaren estreinaldia eta “Winona and Grace”-en making off-a.

Ekitaldiak edukiera mugatua dauka, eta betetzekotan emakumeek izango dute lehentasuna, zehaztu dutenez. Gogoratu dute, topaketetan parte hartzeko beharrezkoa dela aurretik izena ematea, www.best.eus webgunean.