GAUR8 - mila leiho zabalik

Udako praktika programan parte hartzeko izen-ematea zabaldu du CIC nanoGUNEk

Udan, bi hilabetez, puntako ikerketetan zientzialarien ondoan praktikak egiteko aukera eskaintzen duen programaren edizio berri bat abiarazi du CIC nanoGUNEk. Eskaintza Fisika, Kimika, Biologia eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailako ikasleei zuzenduta dago.

CIC nanoGUNE ikerketa zentroko ikertzaileak, irudian. (CIC nanoGUNE)

Unibertsitariei zuzenduta, praktikak egiteko programa eskaintzen du urtero udan CIC nanoGUNEk. Ekimenak bi hilabeteko iraupena du eta, nabarmendu dutenez, aukera paregabea da puntako ikerketa zentroetan zientzialarien ondoan lan egin ahal izateko.

Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailako unibertsitateko hamar ikaslek hartuko ditu programak.

Ohar batean zehaztu dute udako praktiketako parte hartzaileak nanoGUNEko ikertzaileekin batera arituko direla bost arlotan: nanoeskalako optika, nanobioingeniaritza, fenomeno elektronikoak, magnetismoa eta nanoeskalako materialak.

Otsailaren 12ra arte

Deialdiari buruzko informazioa ikerketa zentroaren webgunean dago eskuragarri, eta bertatik online egin daiteke eskabidea. Curriculuma eta espediente akademikoa igo behar dituzte, baita hizkuntzen ziurtagiriak ere. Otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran elkarrizketa bat eskatuko zaie hautatutako ikasleei, zehazten denez.

Donostian kokatuta, nanozientzia ikerketa kooperatiboko zentroa da CIC nanoGUNE, eta nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean puntako ikerketa sustatzen du. Ikerkuntzaren eta Teknologiaren Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da zentroa, eta Maria de Maeztu Bikaintasun Unitatea da, Estatu espainoleko Ikerketa Agentziak hala aitortuta.