JAN. 16 2023 Gaur X urte 32 urte Bushen basamortuko ekaitzetik, persiar golkoan “Basamortuko Ekaitza” hasi zenetik 32 urte igaro dira. 1991ko urtarrilaren 16an George H.W. Bushek, orduko Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Golkoko Gerra hasteko agindua eman zuen, “Desert Storm” izeneko kanpaina militarrarekin. Helikoptero estatubatuar bat hautsak harrotzen Kuwaiten. (Getty Images) GAUR8 Irakek Kuwait inbaditu ondoren hasi zen Golkoko Gerra 1990eko abuztuan. Hurrengo urteko urtarrilaren 15ean Ameriketako Estatu Batuak buru eta NBEaren agindupean, 35 herrialdek bat egin zuten Saddam Husseinen aurka “Desert Storm” –“Basamortuko Ekaitza” ingelesez– izeneko ekintza militarrean. Bereziki hegazkinetatik egindako bonbardaketatan oinarritu zen. 1990eko abuztuaren 2an Irakek Kuwait aldameneko estatua inbaditu zuen. Irakek petrolioa lapurtzea leporatu zion besteari eta gatazkaren jatorria horretan egon zela uste da, baina beste faktore batzuek ere eragin zuten. Gauzak horrela, Nazio Batuen Erakundeak erasoa gaitzetsi, zigor ekonomikoak ezarri eta aire-trafikoa blokeatu zuen inbasioa gelditzen saiatzeko, baina ez zuen lortu. Ekintza militarraren hasieraren berri eman zuen George H.W. Bushek, 1989 eta 1993 bitartean Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izan zenak, Bulego Obaletik. Telebistan emandako hitzaldian Sadam Hussein Kuwaitetik alde egiteko modu bakarra «indarra» izango zela ziurtatu zuen, jada hasita zegoen esku-hartze militarra justifikatzeko. Gainera, «35 nazio elkarren ondoan» aritzeko bat egin baino lehen «zentzuzko baliabide guztiak agortu» zituztela argudiatu zuen Bushek. «Zigorrek ez dute behartuko Hussein Kuwaittik ateratzera eta munduak ezin du gehiago itxaron», gaineratu zuen ikus-entzule estatubatuarren aurrean. Bide batez, gerrak «luze ez irautea» espero zuela esan zuen, ostean «ordena mundiala berria» ezarriko zela egiaztatuz. Zehazki, «legean eta ez oihaneko legean» oinarritutako ordena. Horrekin batera, «askapen bat eta ez konkista bat» izateko asmoa zuela esan zuen, hortaz, helburua Husseinen armategi militarraren aurka jotzea zela, Irakeko indar militarrek «alde egin» zezaten, Kuwait «askatzeko». «Hau ez da beste Vietnam bai izango», ohartarazi zuen presidenteak. 1991ko otsailaren 28an amaitutzat eman zen Persiako Golkoko Gerra. Nazioarteko Koalizioaren 500 soldadu hil ziren eta Irakek 20.000 eta 30.000 soldadu artean galdu zituen. Gainera, 4.000 zibil baino gehiago hil ziren.