GAUR8 - mila leiho zabalik

Bi gradu berri EHUn, ingeniaritza medikoa eta hezkuntzarekin lotuta

Bi gradu berri gehituko dira UPV/EHUren eskaintzara datorren ikasturtean: ‘Biomedical Engineering’, ingeniaritza biomedikoarekin lotuta, eta ‘Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza’ proposamen berria, ikaslegoak horrekiko adierazitako interesari erantzunez.

Gradu berri bi izango ditu UPV/EHUren eskaintzak datorren ikasturtean, bat inegniaritza biomedikoarekin lotuta. (UPV/EHU)

Bi gradu berri izango ditu UPV/EHUren hurrengo ikasturteko eskaintzak, ingeniaritza biomedikoarekin eta hezkuntzarekin lotuta. ‘Biomedical Engineering’ da horietako bat, ingelesez eskainiko da oso-osorik, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan emango da.

Hezkuntzaren arloko lehen gradu bikoitza da beste programaren beste berrikuntza: ‘Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza’, eta Gipuzkoako Campusean egingo da, euskaraz, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.

Guztira 107 titulazio eskainiko dituen gradu eskaintzaren harira, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak nabarmendu du «gizarte dinamiko eta aktibo honen beharretara» egokitzearen beharra islatzen duela.

Informazio guztia, EHUazokan

Eskaintza osoa, halere, unibertsitateko proposamen akademikoa ikasleengan hurbiltzea helburu duen EHUazokaren edizio berrian ikusi ahal izango da. Bertan, azpimarratu dutenez, lagungarri egin ahal zaien tituluen inguruko zuzeneko informazioa aurkituko dute ikasleek.

Urtarrilaren 28an izango da tituluen eskaintza ezagutarazteko azoka Gipuzkoako Campusean; otsailaren 4an, Arabakoan; eta otsailaren 11n, Bizkaikoan.

Azoka horietan informazioa jasotzeko standak aurkituko dituzte bisitariek, sarrera librekoak, baita informatzeko saio bereziak ere. Azken horietan izena eman behar da aurretik: Gipuzkoan, hilaren 23tik 27ra izango da izen-emate epea; urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra, Araban; eta otsailaren 6tik 10era, Bizkaiko Campusean.

Prestakuntza duala

Bi proposamen berrietan sakonduz, onarpen tramitean dagoen ‘Biomedical Engineering’ graduak Osasun Zientzien arloko soluzio teknologikoen garapenean zentratuta egongo dela argitu du unibertsitateak ohar batean.

«Prestakuntza-ibilbide duala izango du, eta horri esker, hirugarren ikasturtetik aurrera ikasleek Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresetan osatuko dute prestakuntza», azaldu dutenez. 

Bide horretan, gainera, «harreman zuzena» izango dute ikasleek «Osakidetzarekin harreman estua duten profesionalekin, bai ingeniaritzaren arloan, bai osasunaren arloan», zehaztu dutenez.

Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza uztartzen dituen graduaren inguruan, euskaraz emango da, «eta 0-12 urteko ikaskuntza-inguruneetan moldatzeko prestatzen ditu irakasleak», zehaztutakoaren arabera.

Aipatu dutenez, ikasle talde handi batek bi hezkuntza-etapak egiteko erakutsitako interesari erantzuten dio gradu berriak.

Izango duen dinamikaren inguruan, bost urtean ikasleek «lau praktikaldi egin ahal izango» dituztela argitu dute, «eta azken urtean Lehen Hezkuntzan eskaintzen den aipamenetako bat lortu» ahal izango dutela, «besteak beste, Hezkuntza Berezia edo Atzerriko Hizkuntza».