JAN. 27 2023 Gaur X urte Gaur 78 urte Sobietar Armada Auschwitz kontzentrazio esparrura iritsi zen Operazio horrek naziek okupatutako Sobietar Batasun osoaren askapena irudikatu zuen. Une horretan 2.819 preso geratzen ziren Auschwitzen. Balioztapena da 1940ko maiatzetik 1945eko urtarrila arte 1,1 milioi pertsona erail zituztela, gehienak poloniar juduak. Auschwitz kontzentrazio esparrua egungo irudi batean. (Robert MICHAEL | EUROPA PRESS) 1945eko urtarrilaren 27an, Armada Gorriak burdin hesi handi bat topatu zuen Auschwitzen, eta goialdean hau irakur zitekeen: Arbeit Macht Frei (lanak libre egingo zaituzte). Naziek Polonian eraikitako sarraski eremurik handiena zen. Data hori iltzatuta geratu da mundu mailan, eta egun urtarrilaren 27a Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna da. Sobietarrak Auschwitzen sartu zirenean, guardia gehienek ihes egin zuten, Armada Gorriaren etorrerak ekarriko zituen ondorioei aurrea hartuz, hilabete batzuk lehenago Bagration Operazioan lortutako garaipenaren ondoren. Operazio horrek naziek okupatutako Sobietar Batasun osoaren askapena irudikatu zuen, eta errusiarrek Polonian egindako erasoaldiari bide eman zion, Alemaniara ailegatu arte. Une horretan 2.819 preso geratzen ziren Auschwitzen. Ehunka preso oheetan edo barrakoietan pilatuta hil ziren. Soldaduentzat oso zaila izan zen haiekin konfiantzazko lotura bat ezartzea, eta ulertaraztea armada sobietarreko kideak zirela, eta han zeudela haiek aske uzteko. Egun horretan soldadu sobietarrek 370.000 gizonen jantzi, 837.000 emakumeen soineko, 44.000 zapata pare, eta 7,7 tona gizakien ile aurkitu zituzten. Garai hartako kalkuluen arabera, 140.000 pertsonarenak ziren. Naziek 6 milioi lagun hil zituzten Balioztapena da 1940ko maiatzetik 1945eko urtarrila arte 1,3 milioi pertsona eraman zituztela Auschwitzera, eta bertan 1,1 milioi pertsona erail zituztela, gehienak poloniar juduak. Kalkuluen arabera, gerrak iraun zuen bitartean, kontzentrazio eta sarraski esparru guztietan sei milioi pertsona hil zituzten naziek juduak izate hutsagatik. Beste 11 milioi, berriz, gutxiengo baten parte izateagatik, zibilak eta borrokan atzitutako soldadu sobietar eta poloniarrak barne.