FEB. 03 2023 Gaur X urte Jassir Arafat Palestinaren Askapenerako Erakundearen buru izendatu zuten 1969ko otsailaren 3an, Palestinako Kongresuak Jassir Arafat aukeratu zuen Palestinaren Askapenerako Erakundearen buru. 1929an jaioa, XX. mendeko bigarren erdiko nazioarteko pertsonaiarik ezagunenetakoa izan zen. Palestinaren askatasunaren eta nazioarteko aitortzaren alde egin zuen ahaleginik handiena. Jassir Arafat, ezkerrean, keinuka, 2000. urtean Gazan egindako bilera batean, ondoan Ahmed Qurei legegintzaldiko kontseiluko bozeramailea duela. (Fayez NURELDINE | AFP) GAUR8 1969an, Palestinaren Askapenerako Erakundearen buru izateko hautatu zuten Jassir Arafat. Bakea lortzeko egindako saiakerengatik Bakearen Nobel saria irabazi zuen 1994an, Shimon Peres Israelgo Atzerri ministroarekin eta Isaac Rabin Israeleko lehen ministroarekin batera. Hagitz ezaguna da lider palestinarraren esaldi bat, Nazio Batuen Erakundearen asanblada orokorreko hitzaldian erran zuena, 1974an: «Esku batean askatasunaren aldeko gudariaren fusila dakart, bertzean olibondoaren adarra. Ez ezazue utzi olibondo adarra eskutik eror dakidan».Jerusalenen jaio zen Arafat 1929an, eta erbestean bizi izan zen 1948tik. Ingeniaritza ikasi zuen El Cairoko Unibertsitatean eta ogibide horretan aritu zen Kuwaiten eta Egipton. Azken honetan hasi zen bere lan publikoa. Palestinar Ikasleen Liga zuzendu zuen, autodeterminazioaren aldeko gazte talde batek osatua.1964an, Palestinaren Askapenerako Erakundea sortu zuen, eta honen baitan Al Fatah alderdia. 1993an Osloko Hitzarmena sinatu zuen Israelekin eta hortik jaio zen Palestinako Aginte Nazionaleko buru izan zen 1996tik heriotzaren egunera arte. 2004ko azaroaren 11n izan zen hori, 75 urte zituela, Pariseko ospitale batean, eta geroztik ez dute etenik izan gertaera horri buruzko teoriek. Ofizialki, buruko odoljario batek hil zuela erran zuten, baina zalantza handiak daude egia ote den. 2012an desobiratu zuten bere gorpua eta osagai erradiaktibo eta hagitz toxiko bat, polonioa, aurkitu zuten bertan.