GAUR8 - mila leiho zabalik

Maria Intxaustegi, itsasoaren amorante

Donostiarrak txikitatik izan zuen garbi itsasoa maite zuela, itsasoaz eta bere sekretuez ikasi nahi zuela, eta belaontzietan munduko itsaso gaiztoenak zeharkatu nahi zituela, lemazain. 34 urterekin, eta sakrifizio askoren ondoren, lortu du. Larunbatean, bere ibiliaren berri GAUR8n.

This browser does not support the video element.


Maria Intxaustegi belaontzi handietako espedizio gidaria da. Itsas arkeologoa ere bai, itsasoak gordetzen dituen sekretuak ikertzeko. Eta horrez gain urpekari profesionala ere bada, itsasoan bizi diren izakiengana hurbildu, eta haiek hobeto ezagutzeko.

Urtean hiru bat aldiz bisitatzen du Antartika, esaterako, belaontzi bateko espedizio gidari. «Izaki garela uste dut, gizaki bainoago, eta teknologiak, asfaltoak naturatik urruntzen gaituzte. Han hirian dagoen soinurik ez dago, dena entzuten da, eta teknologiarik gabe halako buruko bakea sortzen da: albatros-ak ikusten dituzu, baleak, itsas-txakurrak…», kontatu digu.

Intxaustegik Historia eta Itsas Arkeologia ikasi ditu, eta ikerketa ere bere pasio handietakoa da. Iazko udan arkeologia lanetan aritu zen Ozeano Atlantikoan, Islandia eta Irlanda artean kable-sarea robotekin ikuskatzen. Eta West Florida Unibertsitatearekin lanean dabil, Pensacola hirian (AEB), 1556an hiri hartan hondoratu zen Tristan de Luna nabigatzaile espainiarraren ontziteria ikertzen.

Bakarren batek pentsatuko du Intxaustegi amestutako bizitza egiten ari dela. Zuzen dabil, baina bidea ez omen da batere erraza izan: «Lan asko egin behar izan dut, eta asko ikasi. Lau hizkuntza hitz egiten ditut, itsas arkeologia eta historia ikasketak burutu, doktoretza bat, Iberoamerikako sari bat jaso nuen masterrarekin...». Gustuko duena egiten du, «baina merezita».

Bere ibilia jasotzen duen erreportaia luze-zabala, larunbatean GAUR8n.