FEB. 23 2023 Inguru ez antropizatuek erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen dute, ikerketa baten arabera Nazioarteko ikerlan batek erlauntzen habitatek haien osasun mikrobianoan duten garrantzia aztertu du, erlauntzari eta ez erleari erreparatuta. Ondorioztatu dutenez, antropizazioaren estres faktoreek eragin handia dute erleen mikrorganismo-multzoan. Erleak, artxiboko irudian. (Gari GARAIALDE | FOKU) GAUR8 Euskal zientzialarien parte hartzea duen nazioarteko ikerketa batek inguruaren arabera erlauntzek duten osasuna aztertu du, erlauntza unitate gisa hartuta. Nekazaritza intentsiboko eremuetan, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaleko erleen kolonien osasun egoera aztertu dute, eta baieztatu dute erleen mikroorganismo-multzoa «nabarmen» aldatzen dela «antropizazio-mailaren arabera». ‘Campusa’ aldizkariak eman du ikerketaren berri. Azaldu duenez, azken urteetan nabarmen igo da erlauntzen heriotza tasa, alarma guztiak piztuz, eta egoera larri hori dago ikerketaren atzean. Gogoratu dutenez, mendebaldeko ezti-erlea (Alpis melifera) arriskuan dago, eta erleen zaurgarritasuna gizakien menpe dauden eremuetan bizi dituzten estres faktoreekin lotuta dago. Nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak bezalako faktoreak aipatzen dituzte adituek. Iratxe Zarraonaindia Applied Genomics and Bioinformatics taldeko Ikerbasque ikertzaileak azaldu du duela sei urte inguru ikertzen hasi zirela erlearen mikrobiotan zer faktorek duten garrantzia. Gizakiaren eraginpetik urrun Ikerlana Kroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan egin da. Izan ere, zehaztu du Zarraonaindiak aukera izan dutela «Kroaziako Unije irlan, gizakiaren eraginpetik urrun, dauden erlauntza batzuk ikertzeko». «Hamar urtez egon dira erlauntza horiek batere tratamendurik jaso gabe, eta jakina zen hango erleek biziraupen luzea zeukatela nahiz eta Varroa akaroaren presentzia (erleak gaixotzen eta hiltzen dituen gaitz baten eragilea) izan», erantsi duenez. Zientzialariek nekazaritza-inguruetan kokatutako bi erlauntzen mikrobiotarekin alderatu dituzte. Erlauntzak konparagarriak izateko, «ahizpa genetikoak» erabili dituzte, eta haietako bat eremu erdinatural batera eraman zuten. «Argi eta garbi ikusi dugu antropizazioak eragin handia daukala; izan ere, 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman genuen nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egin zela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan», zehaztu du doktoreak. Orain eremu naturalera eraman dute erlauntza «ikusteko ea mikrobiota orekatzen zaion eta eremu naturaleko erleen berbera izatera iristen den» eta «horrek aukera emango digu jakiteko genetikaren edota ingurunearen kontribuzioa zenbaterainokoa den».