MAR. 09 2023 Gaur X urte 16 urte “Eutsi!” filmaren estreinalditik Euskal Herriko zinema aretoek “Eutsi!” filmaren estreinaldia hartu zuten 2007ko martxoaren 9an. Estreinatutako asteburuan Gipuzkoako filmik ikusiena izan zen, baita Hego Euskal Herriko bigarrena ere. Deslokalizazioaz hitz egiten duen film komedia dramatikoa da lana. ‘Eutsi!’ filma. (GAUR8) GAUR8 Gaur 16 urte “Eutsi!" filma estreinatu zuten Euskal Herriko zinema aretoek. Drama soziala eta komedia puntuak dituen lana euskaraz sortu eta gaztelaniazko azpitituluekin aurkeztu zuten. Alberto J. Gorritiberearen zuzendaritzapean egindako lanan, Anjel Alkain, Asier Hormaza eta Oihana Maritorena aktoreak izan ziren protagonistak. Baleuko, Irusoin eta Barton Filmsek ekoitzi zuten eta Donostian eta Oiartzualdean grabatu zuten. 90 minutuko iraupena du. Estreinatutako asteburuan, Gipuzkoako filmik ikusiena izan zen, baita Hego Euskal Herriko bigarrena ere. Madrilera eta Bartzelonara ere bidaiatu zen. «Deslokalizazioaz hitz egiten du filmak, eta ez genuke nahi profesionalek ere hori pairatzea. Oscarrak dituzten pelikulekin batera gaude karteldegian, eta guk, momentuz, beste liga batean jokatzen dugu. Baina hemen gauza on eta biribilak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu», esan zuen Hormazak filma estreinatu baino egun batzuk lehenago. Kepa (Anjel Alkain) eta Martin (Asier Hormaza) haurtzaroko lagun minak eta txirrindularitzazaleak dira filmako protagonista nagusiak. Berrogeina urte inguru dituzte eta lan egiten duten enpresa, Saldix Corp., bi urtez dabil gatazkan langileekin. Hainbat tira-biren ondoren, beren protestak Frantziako Tourrera eramatea erabakitzen dute.