GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 37 urte Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri

Duela 37 urte, 1986ko martxoaren 12an, Hego Euskal Herriak NATOren aurka bozkatu zuen. Hala ere, espainiar Estatuan baietza irabazi zuen. Erakunde militar hau azken urtean indartu egin da Ukrainako gerraren ondorioz. Zuzenean gerran sartu ez den arren, Errusiaren aurka gogor oldartu da.

'Egin' -en azala erreferendumaren biharamunean. (NAIZ)

1986ko martxoaren 12an, gaur egun 37 urte hain zuen, Hego Euskal Herriak «ezetz» esan zion NATOri. Erreferendumean bozkatu zuten euskal herritarren %60k uko egin zioten erakunde militar horretan sartzeari edo, hobeto esanda, jarraitzeari.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeak 1982an sartu ziren ofizialki NATOn, Espainiako Kongresuak eta Senatuak Washingtongo Itunari atxikitzea onartu eta hilabete batzuetara. Bozketak agerian utzi zuen alderdi politikoen arteko zatiketa. Eskuineko diputatuek, horien artean EAJko ordezkariek, aldeko botoa eman zuten. PSOEk, PCEk, PSAk eta talde mistoaren gehiengoak, aldiz, kontrako botoa eman zuten.

Felipe Gonzalez bera izan zen NATOn sartzeari irmotasun handiagoz uko egin ziona. Baina dena aldatu zen urte batzuk geroago Gobernura iritsi zenean. PSOEko buruak espainiar Estatuak NATOn jarraitzea erabaki zuen, baina kalean zegoen oposizioa zela eta, erreferendum bat egitea erabaki zuen 1986ko martxoaren 12an.

Hego Euskal Herrian ezezkoak irabazi zuen: Araban, %59,5ek eman zuten NATOn segitzearen kontrako botoa; Bizkaian, %64,6 izan ziren; Gipuzkoan, %68,3; eta Nafarroan %52,7. Oro har, hamar boto paperetik sei baino gehiago izan ziren NATOren aurkakoak.

Baina espainiar Estatuan baiezkoa irabazi zuen botoen %56,8rekin eta ondorioz, Euskal Herria, bere onezpenaren kontra, NATOn jarraitu zuen.