MAR. 13 2023 Gaur X urte Periferiatik iritsitako jesuita bat aita santu bihurtu zen 2013an Bosgarren bozketaren ostean, 2013ko martxoaren 13an Vatikanoko konklabeak Jorge Mario Bergoglio, Argentinako kardinala eta Buenos Aireseko artzapezpikua, aukeratu zuen aita santu berri legez. Periferiatik heldutako jesuita izanik, ez omen zen hautagairik kutunena. Baina Eliza katolikoaren 266.en aita santua bihurtu zen, Frantzisko I.go izena hartuta. Frantzisko aita santua aurtengo martxoko argazki batean. (Vincenzo PINTO | AFP) GAUR 8 1936ko abenduaren 17an Buenos Airesen jatorri italiarreko familia batean jaiotako Jorge Mario Bergogliok Joseph Ratzingerren, Benedikto XVI.en, lekukoa hartu zuen orain hamar urte eliza katolikoaren buruan. Erabat kontserbadorea zen aita santu batetik progresista kutsua zuen beste batera pasa omen zen aginte makila. Dena den, gotzaina izanik, alegia, Argentinako eliza katolikoaren buru zenean, diktadura militarrarekiko izandako jarrera epelagatik hainbat kritika jasoak zituen Bergogliok. Batez ere elizak ez zuelako argi eta garbi gaitzetsi diktadura militarra. Are gehiago, “El silencio” liburuan, Horacio Verbitsky kazetariak bi apaiza (Orlando Yorio eta Francisco Jalic izenekoak) babesik gabe utzi zituela egotzi zion zuzenean oraingo aita santuari. Bost hilabete atxiloturik egon ostean, onik atera ziren apaiza biak. Bi bahiketa hauen inguruan eta baita desagertuen seme-alabak lapurtzeko indarrean zegoen sarearen aurka egin ziren epaiketetan Bergogliok lekuko gisa deklaratu zuen: «Ahal nuena egin nuen», adierazi zuen orduan. Era berean, Eliza katolikoak ez zuela gertatutako guztiaren berri izan aipatu zuen aitzakia legez. Eskandaluen aurka borrokanHalere, aita santua bihurtu zenean, hedabideek Frantzisko aurrerakoitzat edo progresistatzat jo zuten, «elizak behar duen haize berrien adierazgarria» omen zelako. Euskal Herrian bertan izendapena ondo hartua izen zen, Elizan hedatzen ari zen korronte ultrakontserbadorea baztertuko zuen itxaropena piztu zuelako. Hastapenetik, pederastiaren inguruko eskandaluek bere agintaldia markatu dute. Tinko hitz egin du Frantziskok adingabeei egindako abusuen aurka. Guztiak argituko direla adierazi du behin eta berriz, eta, era berean, Elizaren barnean abusu hauek estaltzeko egin diren saiakerak ez direla ilunpean geldituko aldarrikatu du ozen. Vatikanoko administrazio ustelaren eta gotzain pederasten babesle izandako kuriaren erreforma bultzatzea izan du xede, ustelkeria erabat garbitzea. Baina esanetik errealitatera tarte bat dago, ez baitzaio erraza suertatzen ari. 2015eko ekainean Vatikanoak pedofilia kasuak aztertuko dituen epaitegi eklesiastikoa iragarri zuen. Fedearen Doktrinaren Kongregazioak hartuko zuen ardura, Inkisizioaren oinordekoa. Erabakia txalotua izan zen; barne-arazoak ekarriko zizkion paraleloan. 2017ko azaroan, Gaur 8n bertan Mikel Zubimendik idatzitako analisi batean (‘Erasoa jo, aita santua jomuga’ izenburukoa) Frantzizko aita santuak etsai asko dituela aipatu zuen. «Etxe barruan bertan dira, gainera, Jorge Mario Bergoglio gehien gorrotatzen dutenak. Ahopeka, aita santua hil arte ezer egin gabe zain egoterik ez dagoela diote, bestela Elizan zisma berriak sortuko omen ditu-eta (...). Ongi antolaturiko sektore atzerakoiak dira, hertsitasunaren bultzatzaile hutsak», zioen. Azken garaiotan, gurpil-aulkian agertu denez, aita santua izateari utziko ote dion zurrumurruak zabaldu dira. «Frantziskok ez du aita santua izateari uzteko asmorik, ezta hurrik eman ere», aipatu du berriki Hernan Reyes Alcaide kazetariak. Reyes Alcaide Argentinako Telam eta Religion Digital hedabideen korrespontsala da eta, Jorge Mari Bergogliorekin batera, aita santuaren biografia argitaratu berri du, ‘Os ruego en nombre de Dios’ izenpean. Hamar urteetako pontifikatuak eragindako barne-arazoei egotzi die zurrumurrua eta «horrek zer esan nahi du? –bota du–. Gai garrantzitsuei heldu diela eta norabide horretan lanean jarraituko duela».