GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Martxoaren 14an hil zen Lucie Aubrac, Erresistentzia frantsesaren heroia eta bakezale amorratua

2007ko martxoaren 14an hil zen, Issy-les-Moulineaux-en (Hauts-de-Seine) eta 94 urte zituenean, Lucie Aubrac, Erresistentzia frantsesaren izen handia. Komunista, nazien aurkako erreskate-operazio ikusgarrien egilea, gerraostean bakearen aldeko aldarria zabaldu zuen emakume borrokalari honek.

Luci Aubrac. (FONDATION DE LA RESISTENCE)

1912. urtean jaio zen Mâcon-en (Saône-et-Loire) Lucie Bernard, nekazari xumeen familia batean. Gurasoek alabei ikasketak eman nahi eman zizkioten eta Luciek, irakasle titulua lortu ondoren, 17 urte zituenean, Parisen bakarrik bizitzea erabaki zuen. Gazte Komunisten partaidea zen ordurako.  

1938an, faxismoaren kontrako borrokan bete betean sartua zegoenean, historiako ikasketak bukatu zituen unibertsitatean eta, urte beteren buruan, ingeniari judu gazte batekin ezkondu zen. Raymond Samuel zen, Lucierekin batera nazien aurkako borrokan heroia bihurtu zena.

1939an Frantzia eta Alemaniaren arteko gerrak eztanda egin zuenean, Libération-Sud sarea eta erresistentzia-mugimendua sortu zuen bikoteak zenbait lagunekin. Ordurako seme bat zuen eta, Erresistentziaren borrokalari gisa, bizitza bikoitza zeramaten. Aubrac abizena erabiltzen ohi zuten, gerraostean mantenduko zutena.

1943an Raymond atxilotu zuten Erresistentziako beste buru batzuekin, horien artean Jean Moulin. Gestapok atxilotuak gogor torturatu zituzten eta Luciek, haurdun zegoela, komando batekin batera, etsaiaren muturren aurrean ihes egiten lagundu zien kideei. Ez zen gerra garaian emakume honek antolatu zuen ihesaldi bakarra, dena den. Ihesaldi honen ondoren bikoteak Londresera alde egin zuen, eta han Lucie Catherine alabaz erditu zen.

Herritar aktiboa izan zen beti Lucie: gerra ostean bonba atomikoaren aurka aritu zen borrokan, baita emakumeen eskubideen alde eta Indotxina eta Aljeriako bakearen alde ere. Bere oroitzapen liburuan oinarritutako filma egin zuen Claude Berri zuzendariak, ‘Lucie Aubrac’ (1997) izenekoa.