MAR. 16 2023 Gaur X urte Aldo Mororen bahiketa: misterioz betetako gertaera baten 45 urte 1978ko martxoaren 16an Brigate Rosse-k Aldo Moro bahitu zuten Erromaren erdi-erdian. Maiatzaren 9an hilda agertu zen, zazpi tiro jasota. Italiako lehen ministroa zen, Demokrazia Kristauaren burua eta PCI taldearekin akordioak lortzearen aldekoa. Gertaera horrek Europa astindu zuen. Bahitzaileek bidalitako argazki bat. (AFP) GAUR 8 Aldo Mororen bahiketa eta heriotza Italian azken hamarkadetako gertakari garrantzitsuenetakoa izan da. Gogorra, iluna, eta misterioz beteta. 1978ko martxoan gaude. Mendebaldeko herrialde baten historian lehen aldiz, alderdi komunista batek babestutako gobernua boterera iristear dago. Eta Kristau-demokraziarekiko aliantza historiko bati esker gertatuko da hori. Aldo Moro, Italiako lehen ministroa eta Demokrazia Kristauaren presidentea, akordioaren aldekoa da. Inbestidura-egunean, ordea, Brigate Rossek (1969an sortutako Italiako talde armatu komunista) Aldo Moro bahitu zuten. 1978ko martxoaren 16a zen. Oihartzun handia izan zuen gertaera hark herrialdeko bizitza politiko eta sozialean. Maiatzaren 9an hilda aurkitu zuten. Bitxiena zera da: bahiketa luzatu zen ia bi hilabeteetan agente sekretuen presentzia nabaria izan zen Moro gordeta eduki zuten guneetan. Are gehiago, Demokrazia Kristauak ez zuen interes handirik jarri Moro bizirik atera zedin. Gertakari latz honen atzean Italiako zerbitzu sekretuak, AEBkoak eta Mosad-a izan zitekeela esan zuen Gerhard Feldbauer historialari eta kazetari alemanak liburu batean (“Agenten, Terror, Staatskomplott- Der Mord an Aldo Moro, Rote Brigaden und CIA”). Filminen aurkitu daitekeen ‘Esterno Notte’ (2022) serie koralean Marco Bellocchiok ongi islatzen ditu garai hartako gertaerak. 2003an Bellocchiok berak ‘Buongiorno, notte’ filmean kasu bera aztertu zuen arren, orain, ia hogei urte geroago, istorioaren azterketa sakonagoa eta zehatzagoa eskaintzen omen du.